Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2021/03/01

Adierazpen askatasuna eta zigorrak

 

Lagun batek adierazpen askatasunari buruzko galdera batzuk bidali dizkit. Kezkatuta dago, eta ez naiz harritzen azken boladan ikusitakoak ikusita. Hortxe dabil, beldurraz eta zalantzez gainezka: zigortuko ote duten, ez duten zigortuko... Tarte bat hartu dut erantzuteko. Zuekin ere partekatu nahi dut lagunari idatzitakoa.

Lehenengo bere galderak, gero nire erantzun bikoitzak. Bukaeran ondorioak.

 

Adierazpen askatasunik EZ dagoen toki batean esaten badut toki horretan EZ dagoela adierazpen askatasunik, zigortuko naute?

EZ: Esan duzuna tautologia hutsa da ("X X da" estilokoa). Nork zigor zaitzake tautologia bat esateagatik? Ez duzu zertan zigorra jaso.

BAI: Agerian utzi duzu adierazpen askatasunik gabeko toki batean bizi zarela, eta botereak ez duzu hori oso gustuko. Zigorra jarriko dizute.

 

Adierazpen askatasuna dagoen toki batean esaten badut toki horretan EZ dagoela adierazpen askatasunik, zigortu egingo naute?

EZ: Adierazpen askatasunaren baitan dago adierazpen askatasunik EZ dagoela esateko eskubidea; beraz, adierazpen askatasunaren baitan jokatu duzu, eta ez duzu zertan zigorra jaso.

BAI: Adierazpen askatasuna egon badago, baina boterearen ustez horrek ez du bere baitan hartzen adierazpen askatasunik EZ dagoela esatea. Azken batean, boterearen ustez parekatu egin dituzu adierazpen askatasuna dagoen tokia adierazpen askatasunik EZ dagoen toki batekin (diktadura batekin?). Bistan denez, botereak ez du hori gustuko. Zigorra jarriko dizute.

 

Adierazpen askatasunik EZ dagoen toki batean esaten badut toki horretan adierazpen askatasuna badagoela, zigortu egingo naute?

EZ: Ez duzu zertan zigorrik jaso, eta, gainera, litekeena da askoren txaloak eta sariak jasotzea. Hori bai, baten batek "kolabo" dei zaitzake...

BAI: Botereak ironia erabiltzea leporatuko dizu, eta zigortu egingo zaituzte. Izan ere, botereak interpretatuko du ironiaren bidez agerian utzi duzula askatasunik gabeko toki batean zaudela.


Adierazpen askatasuna dagoen toki batean esaten badut toki horretan badagoela adierazpen askatasuna, zigortu egingo naute?

EZ: Esan duzuna tautologia hutsa da ("X X da" estilokoa). Nork zigor zaitzake tautologia bat esateagatik? Ez duzu zertan zigorra jaso. Bai, lehen galderaren lehen erantzunaren berdina da.


BAI: Botereak ironia erabiltzea leporatuko dizu, eta zigortu egingo zaituzte. Izan ere, botereak interpretatuko du ironiaren bidez agerian utzi duzula askatasunik gabeko toki batean bizi zarela. Bai, hirugarren galderaren bigarren erantzunaren berdina da.

 

Gakoa ez baita adierazpen askatasunik dagoen edo ez. Hori ondorioa da.

Gakoa da botereak zu zigortzeko borondatea duen edo ez. Gakoa da zu pertsona arriskutsutzat zaituzten.

Etsaiaren Zigor Zuzenbidea esaten zaio. 

Zorte on, lagun! Edo etsai. Nork daki!


Martin Kitto

 

 

OHARRA: Goiko argazkia bineta honen zatia da. Egilea: Jaume Perich Escala, El Perich.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat