Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2020/06/03

Gladysen lagunaren iratzargailua



Iratzargailuak ez jotzea tragediaren parekoa da puntualak garenontzat edo hitzorduetara garaiz iristeko ahalegina behintzat egiten dugunontzat. Baina ez du zertan tragedia izan. Onuragarria ere izan daiteke. Gauzak nondik ikusten diren. Horixe da kontua.

1979ko ekainaren 3an, Gladys del Estal ohetik jaiki eta Tuterara joan zen, Lurraren Egunera, helburu argi batekin: Euskal Herrian (eta beste inon ere) zentral nuklearrik eraiki ez zezaten aldarrikatzea. Bere lagun bati ez zion iratzargailuak jo, esnatu ez, eta, Tuterako bidean jarri ordez, lotan geratu zen.

Tuteran, egun istilutsua izan zen. Halako batean, gazte batzuek eserialdi bat egin zuten, eta Guardia Zibila bertaratu zen. Hantxe zegoen Gladys.

Lekukoek honako bertsio hau eman zuten, Wikipedian jasota dagoenez: Guardia zibil batek Gladysi "Tía buena" esan zion, eta Gladysek "Hijoputa" erantzun. Orduan, armaz jo eta tiro egin zion Gladysi.

Bertsio ofiziala, beti bezala, oso bestelakoa izan zen: Gladys guardia zibilari metraileta kentzen saiatu zen, eta metraileta eskuratzeko borrokan, guardia zibilari ihes egin zion tiroak.

Gladysen lagunak egun osoa pasa zuen iratzargailuak jo ez ziola madarikatzen, Tuteran egon nahi zuela pentsatzen... laguna hil zutela jakin zuen arte, jakina.

Iratzargailuak jo izan balu, auskalo zer gertatuko zitzaion...

Iratzargailuak ez jotzea ez du zertan kalterako izan. Onuragarria ere izan daiteke. Gauzak nondik ikusten diren. Horixe da kontua.

Martin Kitto


OHARRA: Testu hau Oiartzun Irratian irakurri nuen, 2010eko ekainean. Ezagun batek kontatuta pasadizoan oinarrituta dago. Urte asko pasa dira, baina gogoetak balio duelakoan nago.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat