Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2019/11/29

Behin Bilbora joan eta ebakia euskaraz eskatu nuen




Halako batean iritsi naiz Bilbora. Automobila erdialdeko parking batean utzi, eta hantxe noa kalez kale hitzaldi batera. 

Kalean nagoela, 15-16 urteko 30 gazte inguru ikusi ditut, eta haietako batzuk euskaraz ari dira. Goizeko hamaikak dira. Irteera batean daude? Ziurrenik bai.

Kale batzuk beherago gizonezko bat pasa da nire ondotik, telefonoz hizketan. Hura ere euskaraz ari da.

Denda batera sartu naiz, eta euskaraz mintzatu naiz. Dendariak euskaraz erantzun dit.

Denda multinazional baten erakusleihoan euskarazko eta ingelesezko kartel hau ikusi dut:

 
Erakusleihoan ez dago beste kartelik.

Halako batean, iritsi naiz hitzaldiaren tokira, eta konturatu naiz oraindik 20 minutu falta direla hasteko. Kafetxoa? Zergatik ez? On egingo dit, eta badut denbora.

Agian, Bilboko kaleetan entzundakoagatik... Agian, dendan euskaraz jarduteko inolako oztoporik izan ez dudalako.... Agian, egun horretan "oso euskaldun" sentitzen naizelako... Auskalo zergatik, baina tabernako zerbitzari batengana jo eta euskaraz eskatu dut kafea.

- Egun on. Ebaki bat, mesedez.

Zerbitzaria begira geratu zait. Akaso ez dit entzun.

- Ebaki bat, mesedez.

- ¿Quéeeeeeeeeeeee?

- Ebaki bat, mesedez.

Berriro ere isilik geratu zait begira.

- Kortaua.

Buelta eman eta kafea prestatzen hasi da. Ulertu dit! Segituan ebakia ekarri dit. Normalean, zerbitzatu bezain pronto ordaintzeko ohitura dut, baina ordaintzea gerorako utzi dut. Auskalo zergatik!

Hortxe egon naiz, mahai baten ondoan eserita, telefonoan Twitterreko txioak irakurtzen-eta denborapasan. 

Iritsi da hitzaldira joateko ordua, eta alferkeria pittin batez altxa eta barrara joan naiz ordaintzera, baina... Ostras! Diru zorroa automobilean utzi dut! Ez dut dirurik. Galanta egin dut!

Nola esan nirekin "hain lehorra" izan den zerbitzariari dirurik gabe nagoela? Hasteko, hobe gaztelaniaz...

Esan diot dirurik ez dudala (gaztelaniaz), eta axolagabe begiratu dit (mutu). Gero etorri eta ordainduko diodala esan diot (gaztelaniaz). Behiak trenari bezala begiratu dit (mutu). Ez du gaizki hartu, behintzat (mutu).

Hitzaldira joan, gertatutakoa lankide bati azaldu eta lankideak dirua eman dit nire zorrak ordaintzeko. Eskerrik asko, Maialen!

Hitzalditik atera eta tabernara joan naiz zorrak kitatzera. Bi ordu eta erdi inguru pasa dira kafea hartu dudanetik.

Tabernara sartu eta ez dut ikusi kafea atera didan zerbitzaria. Beste bati "bota" diot gertatutakoa (gaztelaniaz): Kafea zorretan utzi dudala goizean, orain ordaintzera natorrela, barkatzeko, zenbat den kafea... Honek ere behiak trenari bezala... 

- No me han dicho nada.

Segundo pare batean elkarri begira egon gara, harik eta beste zerbitzari bat etorri eta hau esan duen arte:

- Sí. Ya me ha dicho Alberto* que un vasco ha dejado un café a deber.

Eta nik, basko honek, euro bat eta hogeita hamar zentimo atera eta ordaindu egin dut. "Agur" esan eta alde egin dut.

Bilboko taberna batean "baskoa" naiz ebakia euskaraz eskatu dudalako?



Martin Kitto

 



*Ez da zerbitzariaren benetako izena.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina