Espainiako hauteskunde kanpaina hasi berri den honetan, guk elefante arrosei buruz hitz egin dugu Gorka Julio garatzaile, irakasle eta txiolariarekin (@teketen).
Eta bai, harrigarria bada ere, bi gaiak landu ditugu elkarrizketan: hauteskundeak eta elefante arrosak.
Elkarrizketa hemen duzu entzungai.
Elkarrizketan oinarria hauteskunde kanpainako estrategia sofistikatuen erabilera izan da; hau da, Whatsapp, Twitter, Facebook eta bestelako mezularitza zerbitzuetatik iristen zaizkigun mezu politikoek zer-nola eragin dezaketen gure bozkan.
Gorkak argi esan digu: "Era guztietako zikinkeria botako digute, eta ez pentsa sare sozialetatik kanpo zaudetenak ere manipulazio arriskutik kanpo zaudetenik".
Entzun det saioa! Ze interesgarria eta aldi berean ze beldurgarria entzundakoa... 🙊— Josebe Blanco (@hausnarrean) 2019(e)ko apirilaren 12(a)
Elkarrizketa mamitsua izan da, eta esandako gauza guztietatik nabarmendu nahi ditut Gorkak emandako bi gomendio hauek:
1. Komunikazio irekietan
Twitter, Facebook, Instagram eta antzeko komunikazio irekietan, alderdi politikoei ez zaie erreferentziarik oparitu behar, ezta kontra egiteko ere, horrek beraiek indartzen dituztelako.
Horri "Ez pentsatu elefante arrosa batean" estrategia deritzo, esaldi hori entzun bezain pronto denok elefante arrosa batean pentsatzen jartzen baikara.
Akaso, umorearen erabilera onargarria izan liteke, alderdi politiko horiek edo euren ordezkariak erridikulizatzeko-edo.
2. Komunikazio itxietan
Whatsapp, Telegram eta halako komunikazio itxietan, hor bai merezi duela mezu arrazistei, sexistei edo sektarioei aurre egitea, muga jartzea eta eztabaidan sartzea. Izan ere, alderdi politikoek hortik lortzen dute eragina eta boto-emaleengan iritziak errotzea.
- "Aurreskundeak", Gorka Juliok Berrian idatzitako artikulua (2019-03-30).
- "Elefante bat svastikarekin" Gorka Juliok Berrian idatzitako artikulua (2019-01-19).
- "Albiste faltsuak gurasoak dira", Joxe Rojasen artikulua Sarean.eus-en.
- Astroturfinga: Wikipediako definizioak gaztelaniaz eta frantsesez (euskaraz ez dago).
- Interneteko bota: Wikipediako definizioa hemen.
Martin Kitto
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkin bat