Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2019/01/09

#ArmaTxioPum: Armategia eduki ugariz betetzen ari gara



Lau hilabete pasa dira Oiartzun Irratian "Arma, Txio, Pum" irratsaioa ematen hasi ginenetik. Hasieratik saioaren helburua izan da Twitterren hizpide diren gaiak Oiartzun Irratiko entzuleei azaltzea, umorez (ahal bada) eta txiolarien laguntzaz.

Orain arte 13 saio egin ditugu, eta iruditu zaigu birpasatxo bat egiteko garai egokia dela.


Alarde matxistak

Saioaren lehenengo emanaldia Hondarribiko Alarde Matxistaren bezperan iritsi zitzaigun. Nola bizi da alardeen eztabaida Twitterren? Troll asko al daude? Zergatik dira hain eskasak? Asier Garaialde txiolariak gauzak argi utzi zizkigun: Festetan emakumeek ere parte hartzearen eztabaida irabazten ari gara. 



Entzuteko, egin klik hemen.


Nora zoaz, ETB? 

ETBk denboraldi berria aurkeztu zuen, eta mezu hau erabili zuen propagandan: "ETBk euskara eta euskal identitatea sustatzen ditu, eta euskaldun guztiontzako telebista da". Urtzi Urkizu Berriako kazetariarekin aztertu genuen zenbateraino betetzen dituen ETBk espektatiba horiek. Eta bai, larunbat gaueko mariatxiez ere hitz egin genuen.



Entzuteko, egin klik hemen.


#NikHorrelaAbestenNuen  

Abesti batean gauza bat ulertzen duzula baina beste bat abesten dutela? Gutarra zara. Goiko traola horri esker, abestietan gauza petralak ulertzen genituenak armairutik atera gara. Mikel Iriarte zirikatzailearen laguntzaz, abestiz abesti ibili gara, barre pixka bat egiten. Saio bat nahikoa ez, eta bigarrena ere egin genuen.



Lehenengo saioa entzuteko, egin klik hemen. Eta bigarrena entzuteko, egin klik hemen.


Bi isun udaltzain bati euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik

Arkaitz Zarragak Bilboko Aste Nagusian gertatutakoa kontatu du Twitterren, eta afera lau haizetara zabaldu da. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak kasu askorik ez zion egin, baina.



Entzuteko, egin klik hemen.


Zer ari da gertatzen Anoetako estadioko obretan? 

Nola gerta liteke ia inork ez jakitea denon aurrean egiten ari diren obra erraldoi batean zer gertatzen den? Txapis Otegi txiolari eta sindikalista Anoetako obretan egon da, eta han ikusitakoa kontatu digu. Latza.



Entzuteko, egin klik hemen.


#Españoleatzen

Urriaren 12a Hispanitatearen Eguna da. Egun aproposagorik ez dago españoleatzeko.


Entzuteko, egin klik hemen.


Gizonezkoak ere matxismoaren biktima

Izan litezke gizonezkoak indarkeria matxistaren biktima? Josebe Iturriotzek argi erantzun digu: Bai. Duda arrastorik ez zaigu geratu. Lerroburu honek eragin zuen zalantza:




Entzuteko, egin klik hemen.


Autismoarekin bizi da


Aitzane Muguruzaren semea autista da, eta semearekin gertatutakoak kontatzen ditu Twitterren. Pasadizo batzuk ekarri ditugu gogora, eta pasadizoen bidez autismoarekin bizitzea zer den azaldu digu. 



Entzuteko, egin klik hemen.  


Futbolaren gerra


Athleticen Twitterreko kontu ofizialetik partida baten emaitza eman dute: 25-0. Askok kritikatu dute emaitza horrela argitaratu izana. Baina zergatik da kritikagarria? Zer dago horren atzean? Mikel Garcia Argiako kazetariak kirol profesionalaren imitatze ereduaren ajeez hitz egin digu. Saiatuko al gara futbolean bake pixka bat jartzen, haur honek bezala?




 Entzuteko, egin klik hemen


Euskaraldia ikuspegi kritiko batetik


Bazetorren Euskaraldia, eta inor gutxik hitz egiten zuen Euskaraldiaz eta politikaz, Euskaraldiaz eta alderdi politikoez. Joseba Alvarezekin solastu gara. Josebak ikuspegi kritiko batetik babesa adierazi dio Euskaraldiari, eta EAJ, PSOE eta Sortu kritikatu ditu.



Entzuteko, egin klik hemen.


Euskara da pasaporterik onena?


Beltz euskaldunak edo euskaldun beltzak. Beñat Hach Embarekek polemika handi samarra eragin du sarean, esaldi honen harira: "Euskara da pasaporterik onena". Zer esan nahi du horrek? Beñatek berak argitu digu.



Entzuteko, egin klik hemen.


Hiltzearen prezioa

Jule Goikoetxearen aita hil zenean, senideek neurriz kanpoko gastu bati aurre egin behar izan zioten. Aitaren kasuan oinarrituta, hiltzearen prezioaz hitz egin dugu Julerekin. Zergatik egin behar diogu aurre horrenbesteko gastuei? Zergatik ez du administrazioak neurririk hartzen halako gastuei aurre egiteko? Izan ere, garesti da hiltzea...




Entzuteko, egin klik hemen.


Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi!

Baina hau ez da bukatu. Armategian oraindik saio gehiago sartuko dira. Jarraitzeko asmoa dugu. 

Noiz? Non? Ostiralero 12:00etan Oiartzun Irratian.

Gainerakoan, eskertuko nuke saioaren iritziak emango bazenituzte, Twitterren #ArmaTxioPum traola erabiliz edo posta elektronikoz idatzia (martinkitto3@gmail.com).


Martin Kitto



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina