Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2018/05/17

Telebistan elkarrizketa umoretsuak egiteko zer falta zaigu?


Ez dot gatxera esaten, baine euskaraz zientoka elkarrizketa ikusitaGorka Urbizuren beste irudi bet neban, apur bet sosoago, serioago eta hotzaua modun… ta konturatu naiz euskaraz eitten dizen elkarrizketa motagattik dela. Elkarrizketa “serioak” edo, ez dauz txarto, baine bai faltan botatzen dotazela euskaraz, umoretik, entretenimenduttik, showetik… eitten dizen elkarrizketak. Herri Txikin bai, eitten dizela elkarrizketak umoretik, baine kasu huntan herritarrak dira xelebreak, ez da elkarrizketa bera xelebrea. 


Horixe idatzi du Ane Fernandezek Gaztezuloko blogean, Gorka Urbizuri La Resistencia telebista saioan gaztelaniaz egindako elkarrizketaren harira, eta sentsazioa izan dut nik neronek hamaika bider esandako gauza berbera irakurtzen ari nintzela. 

Bai, euskarazko elkarrizketa umoretsuak falta dira, eta bai, Urbizuk euskarazko hedabideetan egindako elkarrizketen aldean oso bestelako inpresioa ematen du La Resistencian (Zuzeun ikus dezakezue elkarrizketa). 

Ane Fernandezek nabarmendutako gabezia hori gainditu nahian, Mirari Martiarenak eta biok Ongi Etorri Katxonderstanera irratsaioa sortu genuen Oiartzun Irratian: Euskaldun ezagunei edo "ez hain ezagunei" umorean, irreberentzian eta entretenimenduan oinarritutako elkarrizketak ziren. 

Duela urte bete hil zen saioa, Berrian argitaratutako eskela honetan ikus dezakezuenez.



Bueno, autobonboa egiteari utzi, eta Aneren galderari erantzuten saiatuko naiz: Zergatik ez dago halako saio arrakastatsurik gaur egun ETBn?

Baina puntuka erantzuten hasi aurretik, argibide bat: Ez dut onartuko "Euskaldunak ez dute umorerik, eta serioak dira" gisako argumenturik, ez baita egia. Kito. Arrazoiak beste batzuk direlakoan nago.


Bidea egiten hasi ziren, baina...

90eko hamarkadan, Euskal gatazka edo dena delakoa bere gordinenean zegoela, bagenuen oasi bat euskarazko umorea edateko: Euskal Telebista. Esate baterako, Txoko-Latex eta Funtzioa ematen zituzten Euskal Telebistan. Euskaratik. Euskaraz. Euskaldunontzat.

Txoko-Latexi buruz hitz egin nuen aurreko batean, alde batera utziko dut, ez baitzen elkarrizketa saioa. 

"Funtzioa" ere ez zen berez elkarrizketa saioa, late show saioa zen, gaur egun horrenbesteko arrakasta duten saioen antzekoa. Xabier Otaegik eta Piter Ansorenak umorezko esketxak egiten zituzten nagusiki, baina tartean elkarrizketak ere egin zituzten, eta, besteak beste, Xabier Arazalluz, Joseba Arregi eta Jon Idigoras elkarrizketatu zituzten.

Otaegik eta Ansorenak mexikarrez mozorrotuta egin zioten elkarrizketa Idigorasi, eta Joseba Arregik Euskal Albondigaren inaugurazioaren esketx gogoangarrian parte hartu zuen. 

Joseba Arregi Euskal Albondigaren inaugurazioan, bere buruaren parodia eginez.
Argazkia Youtubetik aterata dago, Funtzioa Show izeneko kanaletik.

Irudikatzen duzue bi kazetari mozorrotuta EHBilduko buruari elkarrizketa egiten? Irudikatzen duzue Jaurlaritzako Kultura sailburua ETBko saio bateko esketx batean parte hartzen? 

Nik ez. Eta nago arazoa ez dela nire irudimen faltarena (bakarrik).

30 urte geroago ez dago halako saiorik Euskal Telebistan. Arrakastatsuak ziren, baina ez zuten jarraipen luzerik izan.

Nork erabaki zuen saio haiek kentzea? Zergatik? Zer-nolako bidea egingo zuten saio horiek kendu izan ez balituzte? Zer-nolako umore saioak izango genituen orain, eten hura gertatu izan ez balitz? Zenbat barre eta une umoretsu lapurtu dizkigute erabaki hori hartu zutenek? Zenbat gogoeta eta autokritika saihestu zituzten saio haiek kenduta? 

Zenbat elkarrizketa umoretsu utzi dizkigute bidean? Zer-nola eragin du horrek euskaldunok euskaldunoi buruz dugun iritzian? Ez dago hori Gorka Urbizuz eta beste euskaldun ezagun askotaz dugun pertzepzioaren atzean?

Eta, gainera, ez da giro

Ez da metereologian aditua izan behar epe motzean ze eguraldi izango dugun asmatzeko: Zentsura ari du, eta etorkizunean ere zentsura ariko du.

Zentsura ez da soilik Auzitegi Nazionalak rap abeslarien, txiolarien edo kazetarien aurka abian jarritako ekinbide judizial oro. 

Zentsura ez da soilik Mozal Legeak edozein adierazpen kriminalizatzeko bidea ematea.

Zentsura ez da soilik Euskalduna naiz, eta? saioak izandako polemikaren aurrean EITBk izandako jarrera koldarrak oso konfiantza eskasa ematea zenbait gai ukitzeko.

Zentsura ez da soilik nagusiak esatea "Hobe da gai hori ez aipatzea ere".

Zentsura ez da zerbait buru barruan sartzen zaizuna eta autozentsura bihurtzen dena.

Zentsura da horrek guztiak sortzen duen giroa, eta giro horretan inor gutxi irudikatzen dut ekoiztetxe bati edo EITBri hau proposatzen: "Egin dezakegu elkarrizketa saio bat jende ezagunarekin, eta elkarrizketa ezustekoz bete elkarrizketatuak ezohiko gauzak erantzun ditzan, eta umorez tratatu gai serioak, eta...".

Nik ez dut halakorik irudikatzen, eta berriro ere nago arazoa ez dela nire irudimen faltarena (bakarrik).

Etengabeko zentsura ari duen honetan eta haren aurrean defentsa sozial eta juridiko eskasa dugun honetan, politikoki zuzenaren aterkipean "ederki" bizi dira elkarrizketatuak, elkarrizketatzaileak, elkarrizketa saioen buruak eta beste asko.

Baina beti dago aukera

Orain arte EITBn elkarrizketa umoretsuen euskarazko saiorik ez egoteko bi arrazoi nagusiez aritu naiz.

Baina euskarazko ekoizpenak ez dira EITBren gonapean bakarrik sortzen.

Beranduegi sortu zen, euskarazko lehen bideo kanal jarraitua, irreberentea bezain sakona.

H28 sortu zen, umore satirikoz gainezka egiten zuen komikiez osatutako aldizkaria.

Txisteka Misteka sortu zen, txiste kontalariek kontatutako dozenaka euskarazko txisteen kaseteak.

Monologistak sortu dira, pasadizo bitxiak eta gogoeta umoretsuak zabaltzen dituzten artistak.

Izparringia sortu zen, gezurretako albisteen bidez errealiatearen gordintasuna umorez azaltzeko.

Nafarroa Wow sortu zen, satira, umorea eta fikzioa egiarekin nahasten dituen albistegia. 

Eta Mari Maistra, euskarazko youtubergintzako izarra.  

Eta beste hamaika ere sortu dira, eta sortu sortuko dira.

Eta sortu sortuko da elkarrizketa umoretsuen saioa ere.

Arazoa ez da izango ez sortzea, gure txikitasunean sormena soberan baitaukagu, baizik eta borondate hutsean oinarritutako beste proiektu bat izatea eta epe ertain-luzean ez irautea.

Euskadin umoreak ez du inoiz dirurik emanen, eta inon baino alaiagoa izanen da...





Oharra: Goiburuko argazkia El Terrat ekoiztetxearen webgunetik hartu dut. Gorka Urbizuri La Resistencian egindako elkarrizketakoa da.

1 iruzkin:

  1. Aupa, Martin kitto!
    Zerrendatuen artean ahaztu dituzu Izparringia, Nafarroa Wow https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/NafarroaWow, eta Iratiko basoan bizi den maistra bat! :-)
    Kontua da etb-n oso gauza gutxi imajinatzen ditudala, serioak zein umoretsuak. Etb1 abiatu zenean, denetatik zeukan, baina momentu baten etetea erabakiz zuten: hustu eta zaborretara botatzea.
    Kalte hutsa euskararendako!
    Besarkada bat!

    ErantzunEzabatu