Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2016/12/20

Gutun irekia Jaurlaritzari: Zergatik ez eman dirua "El Padre de Caín" telesailari euskara sustatzeagatik?


Jaurlaritzako Kultura Saileko arduradun maiteok:

Hizkuntz Politikarako diru laguntzen arduradun nagusiak zareten aldetik, proposamen xume batekin natorkizue. Jakin badakit jende okupatua zaretela eta lan asko duzuela Euskararen Txantxangorria bazter guztietan jartzen, baina uste dut proposamen hau euskararen onerako izango dela, eta aintzat hartuko duzuela.

Argitaratu berri dituzue euskara sustatzeagatik hedabideei emandako diru laguntzen kopuruak, eta kritika bidegabe eta antidemokratiko ugari jaso dituzue. Nik, berriz, txaloak besterik ez ditut zuentzat. Txalo, txalo, txalo.

Izan ere, nola kritikatu daiteke El Correori edo Diario Vascori Berriari baino diru gehiago eman izana Interneteko edukiengatik? Zergatik haserretzen dira Berriak gero eta diru laguntza txikiagoa duelako? Eta zergatik sumintzen dira Hala Bedi irratia lizentziarik gabe uztea erabaki duzuelako?

Kritika horiek egiten dituztenek ez dute ulertu euskararen zabalkundean gaztelaniazko hedabideak euskarazko hedabideak baino garrantzitsuagoak direla. Zergatik? Irismenagatik, bistan denez.

Izan ere, hori da gakoa: Irismena.

Irismena. Ahalik eta jende gehienarengana iristea. Ahalik eta toki gehienetara iristea. Horregatik dira diru laguntzak baloratzeko puntuen %70 irismenagatik. Txalotzekoa hori ere.

Hartara, irismena bada gehien baloratzen dena, ez dut ulertzen zergatik utzi duzuen Tele5-eko "El padre de Caín" diru laguntzetatik at. Telesail horretan, elkarbizitza baketsuaren aldarria egiteaz gain, euskararen ikaragarrizko zabalkundea egiten dute.

Izan ere, telesail horretan euskara erabiltzen da (eta asko gainera!). Bi guardia zibil herriko taberna batera sartu, eta behean irudikatutako elkarrizketa izan dute tabernariarekin. 

Oharra: Euskarazko elkarrizketa gaztelaniazko azpitituluekin eman zuten, elebakar erdaldunekin tentsiorik ez sortzeko. Elkarrizketa komiki estiloan irudikatu dut. Inork ikusi nahi badu, ikusgai duzue Tele5-ren webgunean (24:24tik aurrera).











Txalo! Txalo! Txalo! Hunkigarria! Eta zer esan azpitituluen kalitateaz? Ketler...

Gutxienekoa da zenbat hitz egiten duten euskaraz telesailean. Gutxienekoa segundo batzuetan bakarrik hitz egitea. Gutxienekoa da hori.

Irismena da aintzat hartu behar duguna.

Izan ere, telesaila bi egunetan eman zuten. Lehenengo egunean, 3.223.000 ikuslek ikusi zuten. Bigarren egunean, 2.518.000 ikuslek ikusi zuten.

Hori bai dela irismena! Milioika ikuslerengana iritsi zen euskara! Milioika etxeetara iritsi zen euskara!

Noiz iritsiko dira euskarazko hedabideak hainbeste ikusle/entzule/irakurle izatera? E? Noiz? Noiz? Noiz? 

Sekula ez!

Horregatik guztiagatik, zilegi bekit zuei, Jaurlaritzako arduradunei, proposatzea "El padre de Caín"-i euskara sustatzeagatik diru laguntza ematea. 

Kontuan hartuta "El padre de Caín" telesaila 5.700.000 ikusle inguruk ikusi dutela, ikusle bakoitzagatik zentimo bat ematea. Hau da, guztira, 5.700.000 euro ematea. Zer da, ba, zentimo bat? Nork esango du zentimo bat asko dela euskara milioika lagunengana helarazteagatik?

Proposamen hau aintzat haruko duzuelakoan, jaso ezazue nire agurrik beroena.

Musu bat Txantxangorriari!



Martin Kitto
 

Post-data: Herriko tabernako zatia berrikusten ari naizela, hara zer topatu dudan! 

"Adi moVilizazioetara"?





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina