Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2016/06/20

Funtzioa, Txoko-latex... Gaur egun zergatik ez dago halakorik ETBn?



Duela 30 bat urte ETBn "Txoko-latex" saioa ematen zuten. Euskal Herriko pertsona famatuen parodia gupidagabea zen: txotxongiloak ziren denak. Ez, ez da matefora: txotxongiloak ziren. Hortxe zeuden garai hartako politikari ezagunenak.

Beheko bideoan, 05:31tik aurrera, Xabier Arzalluz eta Jose Antonio Ardantza jeltzaleak ikusiko dituzue etorkizun galaktiko batean. Gero, Jon Idigoras iritsiko da, HBren garai hartako aurpegi ezagunena, eta, azkenik, hantxe azalduko zaizkigu Txiki Benegas eta Juan Mari Bandres, PSE-EEkoak.



Duela 25-30 urte, ETBn "Funtzioa" ere ematen zuten, Piter Ansorena eta Xabier Otaegik aurkezturiko "Late show" estiloko saioa. Han makina bat aldiz ikusi genuen euskaldunok nola egiten genion barre geure buruari: Teo eta Txarles, ESAko euskara garbiaren defendatzaile sutsuak...

Atera kontuak! Saioan hain barneratuta zegoen geure buruez barre egitea, politikariek ere gauza bera egiten zuten. Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua zen, eta kritika bortitzak izan zituen bultzatu zuen kultur ereduagatik: Oteizarekin hika-mikak, Guggenheimen polemika... Bada, "Funtzioa" saiora joan eta bere buruaren parodia egin zuen:





Euskal gatazka edo dena delakoa bere gordinenean zegoela, "Txoko-latex" eta "Funtzioa" ematen zituzten Euskal Telebistan. Euskaratik. Euskaraz. Euskaldunontzat.

30 urte geroago ez dago halako saiorik Euskal Telebistan. Arrakastatsuak ziren, baina ez zuten jarraipen luzerik izan.

Nork erabaki zuen saio haiek kentzea? Zergatik? Zer-nolako bidea egingo zuten saio horiek kendu izan ez balituzte? Zer-nolako umore saioak izango genituen orain, eten hura gertatu izan ez balitz? Zenbat barre eta une umoretsu lapurtu dizkigute erabaki hori hartu zutenek? Zenbat gogoeta eta autokritika saihestu zituzten saio haiek kenduta? Zenbat bide itxi?

Agian, nahiago zuten eta nahiago dute euskaldunok inolako gatz eta pìperrik gabeko umorea kontsumitzea; bai, inolako hierarkia ekonomiko, politiko edo soziala kritikatzen ez duen umore kostunbrista atzerakoi hori, azpieuskalki batean baino mintzatzen ez den hori.

Agian, horrelako euskaldunak nahi dituzte: parodia egiteko gaitasunik gabekoak, akritikoak, atzerakoiak, kostunbristak, azpieuskalkika sailkatuak. Agian, horrela nahi gaituzte, eta horregatik hartu zuten halako saioak kentzeko erabakia.

Bai, badakit zer pentsatzen ari zareten. Konspiranoiko hutsa naizela. Baliteke.

Baina, orduan, zergatik mantentzen dute ETBn Meza Santuaren emankizuna, eta ez "Txoko-latex", "Funtzioa" edo antzeko saiorik? 

Gogoeta hau entzungai duzue Info7 Irratiaren webgunean. 


Martin Kitto




Bi saio horiei buruzko bideoak ikusgai daude sarean: 

- "Txoko-latex": 15 saio ETB Nahieran dituzue. Ikusteko, sakatu hemen.

- "Funtzioa": ETB Nahieran egoteaz gain, Youtuben ordu erdiko 16 saio dituzue, hautatutako esketx barregarriekin. Ikusteko sakatu hemen.



  


   




    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina