Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2016/04/20

Euskaldun batzuk yaakuen bidetik: Euskaraz zero egun!


Yaakuak Keniako erdialdean eta iparraldean bizi ziren, eta yakueraz mintzo ziren. Yaakuak bilketan, ehizan eta arrantzan aritzen ziren, eta nahiko pobreak ziren, inguruko hartako beste herri nomadak bezala.

Pobrezia horren ondorioz, yaaku asko masaien aginduetara hasi ziren lanean, artzain lanetan, hain zuzen. Pixkanaka, yaakuek artzaintza bihurtu zuten bizitzaren oinarri, eta, masaiekin hartu-emanetan hasi zirenez, ordurarteko endogamia baztertzen hasi ziren

Ezkontza mistoetan, yaaku emazteak senar masaien hizkuntza erabiltzen hasi ziren, baina masai emazteak ez ziren senar yaakuen hizkuntza erabiltzen hasi, eta bereari eutsi zioten. Horren ondorioz, yaakueraz mintzo ziren seme-alaben kopuruak behera egin zuen.

Horren aurrean, yaakuek bilera publiko bat egin zuten, asanblea bat, aurrerantzean ze hizkuntza erabili behar zuten erabakitzeko: yaakuera edo masaiena. Bilera hartan, hauek izan ziren iritzirik arrakastatsuenak: 

1) Masaien ohiturek eta hizkuntzak prestigio handiagoa zuten yaakuenek baino.

2) Yaakuerak ez zuen balio errealitate berrirako, ez baitzegoen artzantzara egokitua.

3) Etorkizunerako hizkuntza egokia ez zenez, erabaki zuten yaakuera ez transmititzea euren seme-alabei, yaakuera alde batera uztea eta denak masaien hizkuntza erabiltzea.

Pasadizo hau Claude Hagège-ren "No a la muerte de las lenguas" liburuan jasota dago (129. orrialdean), eta zer pentsatua eman dit.

Euskaldun batzuek ez al dute gauza bera egiten? Ez al dute euskara baztertzen bizitza modernorako ez duelako balio? Erabakia ez da hain agerikoa, ez da jendaurreko bilera batean erabaki, bistan denez, baina zer daukagu yaakuez euskaldunok?

Galdera hauek buruan neuzkala, umore punttu batekin antzeko egoera bat irudikatu dugu Euskal Irratietako "Hitz eta Putz" saioan: euskaldun batzuek erabaki dute euskara alde batera uztea eta aurrerantzean beti frantsesez hitz egitea, eta, gainera, Euskal Herri osoari eman nahi diote erabakiaren berri. "Euskarak zero egun" kanpaina? 

Saioa entzuteko aukera duzu hemen, jaisteko (download) edo bertatik entzuteko (play). Sei minutu baino ez dira:   




Egiaz edo gezurraz harago, euskaldunen barruko yaakuak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.


Martin Kitto


"Hitz eta Putz" saioan egindako kolaborazioak bistaratzeko, sakatu hemen.

Oharra:  Hagègeren liburuko pasartea gaztelaniaz irakurri dut, eta neronek laburtu eta egokitu dut euskarara.




 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina