Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2016/04/26

Euskal Pastel Arrazista egiteko errezeta

Gaur nire ametsa beteko dut. Postre bat egiteko errezeta emango dizuet. Beti sortu izan dit inbidia handia Karlos Argiñanok.

Postrea Euskal Pastel Arrazista izango da. Europan arrakasta handia duen postrea da. Hori bai, gurera egokituko dizuet, euskaldun jatorrentzat aproposagoa izateko!

Postrearen oinarria Frantziako Fronte Nazionalaren diskurtsoa da. Batzuek nahiago dute Alemaniako Pegidarena edo Greziako Urrezko Egunsentiarena, baina nik nahiago dut Le Pen eta enparauena, gertuagoko zaporea ematen baitio postreari.

Harira! Fronte Nazionalaren diskurtsoaren gainean bota haragi pixka bat, baina ez edozein haragi, soil-soilik Gasteizko meskita jarri behar duten tokian baten batzuek botatako haragi odoleztatuak balio digu. Eta, haragiaz gain, bota ketchup pixka bat ere. Nire bizilagun marokoarrei leihoan pare bat aldiz bota dietena oso egokia da.

Beraz, orain arte zer daukagu? Fronte Nazionalaren diskurtsoa, Gasteizko haragia eta marokoarren etxeko leihoetako ketchupa. Bada, horri guztiari "ukitu" euskalduna emateko, ezinbestekoa da ozpin euskalduna gehitzea. Ez zaizue gehiegi kostako ozppina aurkitzea. Seguru inguruan baduzuela ozpinduta dagoen euskaldun jendea.

Norbait ozpinduta dagoela sinestuta dagoelako Ikastolako 275 ikasleak gaztelaniaz hitz egiteko motibo bakarra bi ume ijitoren presentzia dela? Bada, horren ozpinak balio digu.

Norbait ozpinduta dagoela esaten duelako "abertzaleok" ezin diogula euskarari eutsi "immigrazioaren izurritea itogarria delako"? Bada, ozpin horrek ere balio digu.

Norbait ozpinduta dagoela Ekuadorretik etorri berri den kamareroari euskarazziztubizianhitzegin eta hark ez duelako lehenengoan ulertu? Bada, horren ozpinak ere balio digu, nahiz eta gero kuadrillakoekin jo ta fuego gaztelaniaz aritu.

Hori bai! Ahal baduzue beste ozpin hau lortu beharko zenukete: hamasei abizen euskaldun dituen euskaldun euskaragabekoaren ozpina. "Nosotros los euskaldunes no queremos más moros". Hori esaten duenarena. Gaztelaniaz baino ez dakien euskaldun horren ozpina oso egokia da, gure arbasoen arrazismo atabikoaren zaporea ematen baitio postreari.

Kito? Bada, ez! Ez pentsa ozpin horrekin Euskal Pastel Arrazista prest dagoenik!

Ez dugu bukatu oraindik! Eta galdetuko duzue: Eta zer falta zaigu Euskal Pastel Arrazista prest edukitzeko? Zer izango da, ba? Karlos Argiñanori falta zaion gauza bera: perexila!

Begira, hartu arkatza eta idatzi paper batean: "ETORKINEK EZ DUTE EUSKARA IKASI NAHI, ETA, NAHIKO BALUTE, EZ GENIEKE UTZI BEHARKO, EUSKARA EZ BAITA ETORKINENTZAT, GURETZAT BAIZIK". Bada, hori paperean idatzi, mila zatitan egin eta bota Euskal Pastel Arrazistaren gainean. Prest dago postrea!

Orain, Euskal Pastel Arrazista hartu eta norbaiti aurpegian botatzea baino ez zaigu falta. Nik baditut hautagai batzuk. Zuk? 



Gogoeta hau entzungai duzue Info7 Irratiaren webgunean. 


Martin Kitto


Oharrak

Hausnarketa hauen oinarrian artikulu hauek daude, besteak beste (izenburuaren gainean sakatuz gero, artikuluak bistaratuko dituzue):

- Leire Narbaizaren "Xenofobia euskararen defentsa egiteko", Info7ko Gureaz Blai saioaren eta eibar.org blogaren bidez zabaldua.

- Mikel Garcia Idiakezen "Hesiak elkarbizitzari" artikulua, Argian argitaratua. 

- Víctor Torresi egindako elkarrizketak sortutako erantzunak, Deian argitaratua.
 

  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina