Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2016/03/15

Lapurtutako 17 milioi galtzerdi aurkitu dituzte Ziburuko biltegi batean


Azken urteetan desagertu al zaizu galtzerdirik? Desagertutako galtzerdia bilatu eta bilatu eta ez duzu aurkitu? Erotzear egon al zara galtzerdiak ez aurkitzeagatik? Susmatu al duzu inoiz galtzerdiak lapurtu egin dizkizutela?

Bada, litekeena da galtzerdi horiek nazioarteko lapur talde batek lapurtu izana. 

Izan ere, Interpolek etxeetan eta arropa dendetan galtzerdiak lapurtzen zituen nazioarteko lapur talde bat atxilotu du. Guztira, hamabi dira atxilotuak, eta hamazazpi milioi galtzerdi inguru konfiskatu dituzte.  Galtzerdiak Ziburuko biltegi batean aurkitu dituzte, eta, goiko argazkian ikusten denez, zenbakitu egin dituzte banaka-banaka. Inork ez du zehaztu galtzerdi pareak diren edo galtzerdi solteak.

Polizia iturrien arabera, galtzerdiak lapurtu eta Ziburuko biltegian gordetzen zituzten. Gero, Txinara bidaltzen zituzten, eta itxuraldatu ondoren Europara ekartzen zituzten bueltan, saltokietan salgai jartzeko. 

Euskal Irratietako "Hitz eta Putz" irratsaioan Anita Dullerrekin hitz egin dugu. Duller andrea Interpoleko kidea da, eta polizia operazioaren buru izan da. Hortxe duzue elkarrizketa:



Egiaz edo gezurraz harago, galtzerdi desagertuen misterioa dago.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.


Martin Kitto


"Hitz eta Putz" saioan egindako kolaborazioak bistaratzeko, sakatu hemen.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina