Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2016/01/07

Euskal selekzioEK bi partida jokatuko dituzte


Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko bidean beste aurrerapauso bat emango da: Hego Euskal Herriko selekzioak eta Ipar Euskal Herriko selekzioak elkarren kontra bi futbol partida jokatuko dituzte. Lehenengoa Bilbon izango da urtarrilaren 27an, eta bigarrena Miarritzen otsailaren 3an.

Euskal Selekzio Anitz plataformak antolatu ditu bi partidak (aurrentzean ESA). Plataforma duela bi hilabete sortu zen, eta hitz gordinekin kritikatu zituen Euskal Selekzioaren ordura arteko partidak: interesik ez dutela sortzen, aspergarriak direla, partidekin ez dutela aurrerapausorik ematen ofizialtasunerantz...

Ezin da alderatu duela 30 urte Euskal Selekzioak sortzen zuen interesa eta gaur egungoa. Garai hartan, zaleek estadioak betetzen genituen ikurrinekin eta aldarrikapen mezuekin. Ohartzen zara? Guk [Ipar Euskal Herriko zaleek] dozenaka kilometro egiten genituen partida ikustera joateko. Orain, aldiz, etxean geratzen gara, eta telebistaz ere ez dugu partida ikusten. Aitortu behar dugu Euskal Selekzioaren partidek ez dutela ez bizipozik, ez izaera aldarrikatzailerik, ez deus.

Munduko ez-dakit-ze-bazterretako selekzio baten aurkako partida? Eta aurkaria Turkia, Gabon, Tunisia edo Bolivia? Zertarako, baina? Norentzat dira erakargarriak kontrario horiek? Zergatik ez sortu hurbilagoko selekzioak? Atxikimendu handiagoa sortuko lukete!

[Pierre Basozabal, ESA plataformako kidea. Adierazpenak oso-osorik entzuteko, sakatu hemen] 

Plataformako kideek uste dute Hego Euskal Herriko nahiz Ipar Euskal Herriko selekzioek atxikimendu handiagoa lortuko dutela, eta garai batean bezalako grina sortuko dela partiden inguruan.

Partiden aurretik, giroa berotzeko, hainbat ekintza antolatu dituzte; esate baterako, zaleen kalejira. Hori bai, nor bere aldetik.

Horrez gain, nazio grina indartzeko, Frantziako nahiz Espainiako ereserki nazionalak ozen-ozen jarriko dituzte partiden aurretik.

Bilboko eta Miarritzeko partidetarako sarrerak ohiko tokietan jarriko dira salgai.

Xehetasun gehiago nahi baduzu, Euskal Irratietako "Hitz eta Putz" saioan emandako argibideak entzun ditzakezu:



Egiaz edo gezurraz harago, nazio zatituetako selekzioak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.


Martin Kitto


"Hitz eta Putz" saioan egindako kolaborazioak bistaratzeko, sakatu hemen.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina