Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2015/12/31

Hiri kondairak Euskal Herrian (XIII): "Erregeak gurasoak dira" pankarta errege magoen kabalgatan


Ingelesez, AFOAF esaten omen zaie (ingelesez A Friend Of A Friend, euskaraz Lagun Baten Lagun Batek). Lagun batek kontatutako gezurretako istorio sinesgarriak dira. Benetakoak balira bezala zabaltzen dira, eta Euskal Herrian ere badabiltza, bai atzerritik ekarriak, bai bertan sortuak.

Guarkoan, gabon giroko pasadizoa dakarkizuet. Ahoz kontatu didate, eta gutxi-asko hauxe da kontakizuna:

80ko hamarkadaren hasieran, gure herriko haur gehiagok eskatzen zizkieten opariak errege magoei Olentzerori baino (Mari Domingiren arrastorik ez zegoen orduan). Errege magoak arrakastatsuagoak izateak herritar batzuen haserrea pizten zuen, erregeak "espaƱoltzat" zituztelako.

Bada, iritsi zen errege egunaren bezperako kabalgata (urtarrilaren 5ean), eta erregeen aurkako horiek kabalgataren bukaeran jarri ziren. Eskuetan honako hau idatzita zuen pankarta bat zuten: "Erregeak gurasoak dira".

Horiek negarrak eta disgustuak! Haurrak negar batean... 

Herriko asko akordatuko dira egun hartaz.


Pasadizoa zabaldu dudanetik pertsona batzuk nirekin harremanetan jarri dira, eta datu hauek eman dizkidate:

- Pasadizoa ez dagokio urte bakar bati, urte batzuez gertatu ziren. 90eko hamarkadaren hasierako urteak dira.


- Bertsio baten arabera, Oiartzunen urkatuta agertu ziren errege magoen panpinak Astigarragan lapurtu zituzten. Beste bertsio baten arabera, Hernanin. Agian, ez dira urte berberaz ari...

- Beste batek esan dit oroitzen dela nola ibili ziren batzuk baserritar jantziekin eta aurpegiak kaputxaaz estalita errege magoen aurkako esku-orriak banatzen.

- Errege magoek elizan hiru toki izaten zituzten erreserbatuta, baina ez zait argi geratu erregeekin elizkizunik egiten zen edo bestelako ekitaldi bat zen.

- Inguruko herrietako pasadizoak ere iritsi zaizkit. Pasai Antxon honako pintada hau idatzi omen zuten: "Los reies son los padres". Bai. "Reies". Horrela idatzita. Hobe euskaraz idaztea...




Kattalin Minerrek honako hau idatzi zuen 2014ko abenduan, Garan:

"Duela hiru bat urte, nire herrian barrena nindoala honako pintada topatu nuen eskola baten irteera inguruan: «Erregeak gurasoak dira». Sekulako makarrada iruditu zitzaidan, baina umeekiko krudelkeria inozenteak eragiten duen barregura txiki bat ere atera zitzaidan. Izan ere, iruditu zitzaidan umeei baino helduei zuzendutako hitzak zirela, jakina baita umeek errege edo Olentzero edo dena delakoan itsuki sinesten dutela agerikoak diren ebidentzia horien guztien gainetik".

[Kattalin Miner Garan, 2014-12-20. Artikulu osoa bistaratzeko, sakatu hemen]


Entzun duzu pasadizo hori edo antzekorik beste herriren batean? Ezer badakizu, idatzi Twitterren edo bidali mezua helbide honetara: martinkitto3@gmail.com.

Egiaz edo gezurraz harago, hiri kondairak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.


Martin Kitto
 


Eta bestelako hiri kondairarik badakizu, bidali pasadizoa. Dagoeneko kondaira dezente bildu ditugu. Dozena batetik gora gaurkoarekin! 

- Telefonoa "pintxatuta" daukat?

- EGAko ahozko azterketa 

- Igeldoko funikularra

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina