Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2015/10/20

Hauxe da gazteek behar dutena: Telefono mobilak zuzen eta artez erabiltzeko gida!



Nor ez dago kezkatuta gure gazteek (eta ez hain gazteek) telefono mobilez eta bestelako teknologia berriez egiten duten erabilerarekin?

Ipar Euskal Herriko ikastetxe batzuetako gurasoek ere kezka bera izan dute, eta hainbat eragilerekin batera praktika onen gida bat osatu dute, mobilak-eta behar bezala erabiltzeko gomendioekin.

Gazteek ere parte hartu dute gida osatzen, eta nabaria da gazteen esku hori.

Hona hemen gidako puntu batzuk:

1.- Telefonoak jotzen badu, utzi zeregin guztiak eta hartu telefonoa lehenbailehen. Deiak beti izaten dira garrantzitsuagoak bestelako zereginak baino.

2.- Eraman beti soinean telefono mobila. Ez bakarrik norbaitekin edonondik hitz egin ahal izateko edo txateatzeko, baizik eta telefonoa lagunen artean luzitzeko. 

Oharra: Horretarako, jakina denez, ahalik eta telefono deigarriena eta garestiena eduki behar duzu.

3.- Ez eduki inolako erreparorik zeure buruari argazkiak atera eta mobilaren bidez sare sozialetan jartzeko (Twitterren. Facebooken, Instagramen eta abarretan). Zenbat eta arropa gutxiagorekin egon eta zenbat eta jende gehiagori bidali, orduan eta arrakastatsuagoak izango dira argazkiak.

4.- Ez isildu edo itzali inoiz mobila, ez gauez, ez zinean, ez eskolan, ez lanean. Isiltzen baduzu edo itzaltzen baduzu, seguru itzelezko garrantzia duen mezuren bat iritsiko zaizula. Itzaltzen baduzu, nola izango duzu azken txutxumutxuaren berri? Ez duzu nahi izango beste batzuek zuk baino lehenago jakitea zer gertatu den, ezta?

5.- Adi egon mobilari, eta ez aurrez aurre duzun pertsonari. Aurrean duzuna ama, aita edo laguna izango da, pertsona aspergarriak, zuk ondo dakizunez. Telefonoaren bidez, berriz, jende interesgarri ugarik sarean jarritako gauzak ikus ditzakezu. Une oro milaka pertsona dituzu txisteak asmatzen, bideo barregarriak jartzen.... Ezin da hori guztia alderatu aurrean duzun pertsona ezagun eta aspergarriarekin!

6.- Abesti bat gustuko baduzu, igo bolumena tope-topera. Hori egin ezean, inguruan dituzun pertsonek ez dute inoiz entzuterik izango musika guai hori. Bihotz-biohotzez eskertuko dizute erregetoiaren azken abesti arrakastatsua edo Justin Bieberrek atera berri duen kantua entzuteko ematen diezun aukera.

Praktika onen gida osoa PDF formatuan jaisteko, sakatu hemen.

Euskal Irratietako "Hitz eta Putz" irratsaioan gidaren berri eman dugu. Gustua baduzue, hementxe duzue kontakizuna:
 

 
Egiaz edo gezurraz harago, telefono mobilak eta gazteak (eta ez hain gazteak) daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.


Martin Kitto

"Hitz eta Putz" saioan egindako kolaborazioak bistaratzeko, sakatu hemen.


 




 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina