Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2015/08/31

Hiri kondairak Euskal Herrian (XII): telefonoa "pintxatuta" daukat?


Ingelesez, AFOAF esaten omen zaie (A Friend Of A Friend), eta lagun batek kontatutako gezurretako istorio sinesgarriak dira (Lagun Baten Lagun Batek). Benetakoak balira bezala zabaltzen dira, eta Euskal Herrira ere iritsi dira.

Guarkoan, 90eko hamarkadako kondaira bat izango dugu hizpide. "Mikel" izengoitia darabilen batek idatzi dit posta elektronikoz, eta mezua bere horretan zabalduko dut (hizkuntz akatsen zuzenketa da aldaketa bakarra).

Honatx mezua:

Blogeko irakurle asko gazteak izango dira, eta, agian, ez dute jakingo zein egoeratan bizi ginen euskal gazte asko 90eko hamarkadaren hasieran: ez zegoen telefono mobilik, ez guasapik, ez twitterrik... Gehienok telefono finkoa baino ez genuen erabiltzen besteekin komunikatzeko.

Eta, gainera, poliziaren presentzia itogarria zela sentitzen genuen: poliziak tabernetan, poliziak kaleetan, poliziak edonon. 

"Giro alternatiboan" zebiltzan gazteen artean paranoia handia zegoen: Poliziak nire atzetik dabiltza? Eta beste galdera tipiko bat hau zen: telefonoa "pintxatuta" al daukat?

Akorduan dut Donostiako Alde Zaharreko Herria tabernan paper bat jarri zutela azalduz zer egin behar zen telefonoa [telefono finkoa] "pintxatuta" zegoen konprobatzeko. 

Gutxi gorabehera hau zioen:

1) Telefonoa hartu eta deitu nahi diozunari. Baldintza bakarra da deia jasotzen duenak ez duela telefonoa hartu behar lehenengo lau dei hotsak jo baino lehen.

2) Laugarren dei hotsa entzutean, sakatu 0 zenbakia duen botoia. Deia eteten bada, telefonoa "pintxatuta" daukazu. Deia eteten ez bada, ez daukazu "pintxatuta". 

Kontua da nik proba egin nuela eta... 
Bai! Deia eten zen!

Mikel

"Mikelek" kontatutako pasadizo horren arrastorik ere ez dut aurkitu Interneten, ezta ezagun batzuei galdetuta ere.  Zuetako inork ba al du pasadizoaren berririk? 

Horrez gain, bestelako zalantzak ere sortzen zaizkit: 

- Egungo telefonoekin ere balio al du trikimailuak (mobilekin, adibidez)?  

- Ze azalpen tekniko izan dezake 0 zenbakia duen botoia sakatzeak?

- Agian, beti eteten zen deia, eta horixe zen helburua: telefonoa "pintxatuta" zegoela sinestea.

Askotan entzun nuen Euskal Herriko telefono kabina guztiak "pintxatuta" zeudela, baina halakorik sekula entzun gabea nintzen.

Interneten bila aritu naiz, eta ikusi dut ez dela askorik sakondu beharrik pasadizo horren egungo hamaika bertsio aurkitzeko. Paranoiak bere horretan darrai?





Dagoeneko hiri kondaira dezente bildu ditugu. Dozena bat gaurkoarekin!

- Hiri kondairak Euskal Herrian (XI): EGAko ahozko azterketa 

- Hiri kondairak Euskal Herrian (X): Igeldoko funikularra

- Hiri kondairak Euskal Herrian (IX): Franco eta ETA

- Hiri kondairak Euskal Herrian (VIII): Hondartzan lapurtu eta gerora damutu den emakumea

- Hiri kondairak Euskal Herrian (VII): Euskal euroa

- Hiri kondairak Euskal Herrian (VI): Pultserak egiteko gomatxoek minbizia sortzen dute

- Hiri kondairak Euskal Herrian (V): Katxondina

- Hiri kondairak Euskal Herrian (IV): errumaniar arriskutsuak perfumez armaturik 

- Hiri kondairak Euskal Herrian (III): alkoholemia kontrolak oinezkoei

- Hiri kondairak Euskal Herrian (II): Umeak bahitzen dabiltza

- Hiri kondairak Euskal Herrian (I): GORA ETA BEHERA GABILTZA 


Info7 irratian ere aritu nintzen istorio hauei buruz hitz egiten. 15 minutuko hiru saio izan ziren. Horren gaineko informazioa hemen duzu.

Egiaz edo gezurraz harago, hiri kondairak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.


Martin Kitto
 




Oharra: Argazkia wikihow webgunetik atera dut.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina