Ingelesez, AFOAF esaten omen zaie (A Friend Of A Friend), eta lagun batek kontatutako gezurretako istorio sinesgarriak dira (Lagun Baten Lagun Batek). Benetakoak balira bezala zabaltzen dira, eta Euskal Herrira ere iritsi dira.
EGA azterketaren polemika baretu den honetan, EGAko ahozko azterketa batean gertatu omen zen pasadizo bat dakarkizuet.
Gure protagonista EGAren ahozko azterketa egin behar duen gazte bat da. Sartu omen da gaztea ahozko azterketa egiteko gelan, eta aurrez aurre aurkitu ditu aztertzaileak. Serio daude, isilik. Gaztea eseri egin da, eta aztertzaileen aurrean geratu da. Segundo luze batzuetan aztertzaileek zerbait galdetu zain geratu da, baina inork ez du deus esan.
Halako batean, itxoiteaz gogaituta, gazteak hitza hartu du, eta hau galdetu du:
- Zer? Hasten gara?
Aztertzaile batek berehala erantzun dio, begirada zorrotzez:
- Zuk bukatu duzu.
Ez dirudi pasadizoa benetakoa denik: ez dago inon argitaratuta, inoiz ez da esaten nori gertatu zitzaion, ez non, ez noiz...
Hala ere, istorioak sekulako zabalkundea izaten du euskaltegietan eta EGA azterketa egin behar duten gazteen artean.
Gehiago ematen du ohiko akats bat zuzentzeko zabaldutako gezurretako pasadizo, baina... Auskalo!
Zer? Ez duzula anekdota ulertu? Marimaistrak argituko dizu:
Twiterren bidez, txiolari hauek istorioa kontatu dietela onartu dute:
@martin_kitto nik kontatu izan diet ikasleei! XD
Beti leienda urbano zela esan izan diet, baina a posteriori!
#EmatenDidazuOrriBat?
— leire narbaiza arizm (@txargain) August 20, 2015
Baita nik ere... ;-))) Are: niri ahozkoa egitera joan nintzen egunean kontatu zidaten... Oraindik gogoan dut.... https://t.co/MjpwBnF9SD
— Xabier Etxaniz Rojo (@xabietxaniz) August 20, 2015
@martin_kitto guri ere kontatu ziguten hori azterketa egin aurretik. Ta ziur nago ez zela inor horrela hasi!
— ☭Katxiporreta☭ (@Katxiporreta_) August 20, 2015
@martin_kitto guri "atea isten det? Bai baina kanpotik" bertsioa kontatzen ziguten
— Nahia (@nahiaetaezina) August 20, 2015
@martin_kitto guri ere kontatu ziguten; 'hasten gara?' beharrean, 'ahal det hasi?' esapidearekin. #euskalleiendaurbanoak
— Eneritz Albizu (@marimototx) August 20, 2015
@martin_kitto Nik entzun nuen bat azterketan sartu eta bere aitaz galdetzean ikasleak erantzun: "playa jun da periodikua irakurtzea".
— Urtzi (@UrtziPurtzi) August 21, 2015
@martin_kitto Irakasleak ikaslearen aurpegia ikusita "lasai, grabagailua itzalita dago" esan zuen. Azkenean gainditu omen zuen azterketa.
— Urtzi (@UrtziPurtzi) August 21, 2015
Eta kondaira berri bat asmatzeko proposamena ere jaso dugu:
@martin_kitto @xabietxaniz ergatiboarekin istorioren bat asmatu beharko da ba! Hitz egin dezatela euskara irakasleek haien artean ;)
— ☭Katxiporreta☭ (@Katxiporreta_) August 20, 2015
Halako istoriorik badakizu, estimatuko nuke bidaltzea, hemen zabalkundea emateko. Posta elektroniko hau dut: martinkitto3@gmail.com. Bestela, Twitterren ere aritzen naiz, eta #hirikondairak erabil dezakezu.
Orain arte hauek bildu ditugu (sakatu izenburuaren gainean):
- Hiri kondairak Euskal Herrian (X): Igeldoko funikularra
- Hiri kondairak Euskal Herrian (IX): Franco eta ETA
- Hiri kondairak Euskal Herrian (VIII): Hondartzan lapurtu eta gerora damutu den emakumea
- Hiri kondairak Euskal Herrian (VII): Euskal euroa
- Hiri kondairak Euskal Herrian (VI): Pultserak egiteko gomatxoek minbizia sortzen dute
- Hiri kondairak Euskal Herrian (V): Katxondina
- Hiri kondairak Euskal Herrian (IV): errumaniar arriskutsuak perfumez armaturik
- Hiri kondairak Euskal Herrian (III): alkoholemia kontrolak oinezkoei
- Hiri kondairak Euskal Herrian (II): Umeak bahitzen dabiltza
- Hiri kondairak Euskal Herrian (I): GORA ETA BEHERA GABILTZA
Info7 irratian ere aritu nintzen istorio hauei buruz hitz egiten. 15 minutuko hiru saio izan ziren. Horren gaineko informazioa hemen duzu.
Egiaz edo gezurraz harago, hiri kondairak daude.
Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.
Martin Kitto
Oharra: Goiko argazkia Ikasbilen webgunetik atera dut.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkin bat