Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2015/08/03

Hiri kondairak Euskal Herrian (VIII): Hondartzan lapurtu eta gerora damutu den emakumea


Ingelesez, AFOAF esaten omen zaie (A Friend Of A Friend), eta lagun batek kontatutako gezurretako istorio sinesgarriak dira (Lagun Baten Lagun Batek). Benetakoak baliara bezala zabaltzen dira, eta Euskal Herrira ere iritsi dira. Are gehiago, hemen bertan gertatu balira bezala zabaltzen dira. Nolabait, euskalherriratu egin ditugu. 

Oraingoan, Donostian uda partean ahoz aho zabaldu ohi den hiri kondaira bat dakarkizuet. Honatx kontakizuna:


Lagun baten lagun bati gertatu zaio... Hondartzara bakarrik joan omen zen, eta, bero handia zegoenez, uretan sartzeko gogoa sartu zitzaion. Baina hondartzetan azken boladan lapurreta asko eginak zituztenez, ez zen ausartzen bainua hartzera joan eta bere gauzak han uzten (dirua, giltzak, arropa...). 

Ondoan, emakume bat zegoen: 60 urte ingurukoa, itxura jatorrekoa... Fidatzeko modukoa iruditu zitzaionez, zaintzaile uzteko prest zegoen galdetu zion.


- Aizu, barkatu. Zainduko didazu motxila bainatzen ari naizen bitartean? Dirua eta giltzak ditut bertan, eta badakizu...

- Bai, zainduko dizkizut. Ez daukat orain alde egiteko asmorik, eta hemen egongo naiz. Lasai joan igeri egitera.

Bada, puska batean lasai-lasai igeri ibili ondoren, bere gauzak zeuden tokira itzuli eta... Bere gauzen arrastorik ez! Eta emakumea? Hura ere ez zen inon ageri!

Han zeudenei galdetuta jakin ahal izan zuen zer gertatu zen: itsasoan sartu bezain laster, emakumeak motxila eta gainerakoak hartu eta alde egin zuen. Lapurtu egin zion "emakume jatorrak"!

Ahal izan zuen moduan, etxeko beste giltzak eskuratu eta etxera sartu berritan, telefonoa joka entzun zuen! Nor zen? Hondartzako emakumea! Oso bolada txarra pasatzen ari omen zen, eta dirua eskura izan zuenean, ezin izan omen zion tentaldiari eutsi, eta lapurtu egin zion guztia. Baina damututa zegoen, eta gauza guztiak itzultzeko prest zegoen. 

Hartara, lagunak hitzordua jarri zuen, eta emakumearekin geratu zen iluntze hartan bertan.

Aurrez aurre zeudela, emakumeak barkamena eskatu zion. Gauza guztiak itzuli eta bere egoeraren berri eman zion: alargun geratu berria zela, diru arazoak zituela, zorrak pilatzen ari zitzaizkiola... Bi ordu luze pasa zituen emakumearen bizitzaren gora-beherak entzuten.

Halako batean, lagunak emakumea agurtu eta etxera iritsi zen. Zer zen hura? Telebista falta, dirua falta, ordenagailua falta... Etxean sartu eta lapurtu egin zioten! 

Argi zegoen: Emakumeak laguna entretenitu zuen, bere kideek etxea "garbitzen" zuten bitartean.

Ai, damututa zegoen emakumea!

Istorioa hiri kondaira klasiko baten aldaera da. "El fabuloso libro de las leyendas urbanas" liburuan, Jan Harold Brunvandek istorioak bertsio ugari dituela azaltzen du.




Amerikako Estatu Batuetan 70eko hamarkadan zabaldutako bertsioan, Maryland estatuko emakume bat da protagonista. Merkatalgune batean poltsa galdu zuen (edo, agian, lapurtu egin zioten). Handik bi egunera merkatalgunetik deitu zioten esateko poltsa eskuratu zutela eta ahal zuenean bertara joateko. Hara joan, eta poltsa ez zen inondik ageri. Gainera, inork ez zuen oroitzen halako telefono deirik egin zuenik. Etxera bueltatutakoan, bizilagunek esan zioten mudantza kamioi bat arratsalde osoan etxe parean izan zutela eta etxea hustu ziotela. 

Quebecen gertatu omen zen beste bertsio baten arabera, senar-emaztea da protagonista. Etxera bueltatu eta barbakoa falta zitzaiela konturatu ziren. Biharamunean, barbakoa lorategian aurkitu zuten, ohar batekin. Hau zioen oharrak: "Atzo lagun batzuk gonbidatu genituen afaltzera, baina barbakoa matxuratu egin zitzaigun eta zuena hartu genuen, ez genuelako beste modurik topatu afaria egiteko. Barkatu endredoak, eta, kalte-ordainetan, har itzazue sarrera hauek". Sarrerak ikuskizun baterako ziren, eta ikuskizuna ikustetik etxera itzuli zirenean, etxean sartu eta lapurtu egin zietela konturatu ziren.

Jan Harold Brunvandek dio istorio berak hamaika aldaera dituela: Ingalaterran zabaldutakoan antzezlan baterako sarrera dira, Italiakoan bi lagunentzako afaria...

Antonio Ortíren eta Josep Senpereren "Leyendas urbanas en España" liburuan ere hizpide dute istorioa. 




Bartzelonako María Ripollek kontatutako bertsioan, automobila da lapurtu eta berehala itzuli zioten objektua, eta antzezlan baterako sarrerak ziren opariak.

Orain, zuk erabaki: egia ote da Donostiako "lagunari" gertatutakoa?

Halako istoriorik badakizu, estimatuko nuke bidaltzea, hemen zabalkundea emateko. Posta elektroniko hau dut: martinkitto3@gmail.com. Bestela, Twitterren ere aritzen naiz, eta #hiri kondairak erabil dezakezu. 

Orain arte hauek bildu ditugu:

- Hiri kondairak Euskal Herrian (VII): Euskal euroa 

- Hiri kondairak Euskal Herrian (VI): Pultserak egiteko gomatxoek minbizia sortzen dute

- Hiri kondairak Euskal Herrian (V): Katxondina 

- Hiri kondairak Euskal Herrian (IV): errumaniar arriskutsuak perfumez armaturik 

- Hiri kondairak Euskal Herrian (III): alkoholemia kontrolak oinezkoei

- Hiri kondairak Euskal Herrian (II): Umeak bahitzen dabiltza

- Hiri kondairak Euskal Herrian (I): GORA ETA BEHERA GABILTZA 

Info7 irratian ere aritu nintzen istorio hauei buruz hitz egiten. 15 minutuko hiru saio izan ziren. Horren gaineko informazioa hemen duzu.

Egiaz edo gezurraz harago, hiri kondairak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.


Martin Kitto
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina