Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2015/04/14

Euskaldun batek 55 ordu pasa ditu hizketan jarraian


Frantxua Lassale 55 orduz jarraian hitz egiteko gai izan da, eta orain arteko munduko errekorra hautsi du. Mintzaldia Donibane Garazin egin du, dozenaka jarraitzaileren aurrean, goiko argazkian ikusten denez.

Erronka Goizalde Landabasok bota zuen "Txapak" artikuluan (Berrian martxoaren 31n argitaratua):


Zack Zehnder AEBetako predikadore gaztea da. Bere izena Guinness errekor liburuan azaltzen da. Inoiz egin den sermoirik luzeena eman zuelako: 53 ordu eta 18 minutu. Bibliaren ikuspegi orokor bat eman zuen 53 ordutan; tira, orokorra barik zehatzegia izango zen. Oraindik ez du beste inork gainditu. Eta ari naiz pentsatzen, ari naiz, agian euskal herritarren batek lor lezakeela.

[Artikulu osoa irakurtzeko, sakatu hemen]

55 orduz hizketan aritu den bitartean, Lassalek ez du lorik egin, eta ez du deus jan (Edan bai, tarteka ur tragoxka bat edan baitu). Toki beretik mugitu gabe jardun du mintzatzen denbora guztian, eta pardela izan du soinean, txiza egitera inora ez joateko.

55 orduko bakarrizketa amaitu berritan, adierazpen hauek egin ditu Lassalek:


Nire mezua argia da: gauzak motzen esan behar dira. Motzean. La-bur. Ez da txapa handirik sartu behar. Bestela, jendea aspertu egiten da. Zenbat eta laburrago, orduan eta hobeto.

Errekorraren berri zuzenean eman dut Euskal Irratietako "Hitz eta Putz" saioan. Hementxe duzue entzungai:



Frantxua Lassalek ez digu argitu Jean Lassale politikariaren senidea denik, baina lepoa egingo nuke baietz. Zein baino zein xelebreago...





Egiaz edo gezurraz harago, hitz jario inkontrolatuak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.


Martin Kitto


Euskaldunok badugu beste errekor bat: 23 txiste minutu batean. Horren berri izateko, sakatu hemen.

"Hitz eta Putz" saioan egindako kolaborazioak entzuteko, sakatu hemen.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina