Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2015/04/28

Atzerri Eguna antolatu dute Euskal Herrian atzerritar sentitzen diren euskaldunek




Telebista piztu eta den-dena erdaraz dago: Telecinco, Antena Tres, Televisión Española... Euskaraz bi kate baino ez, eta arabieraz beste bi. Euskaldunak arabiarrak bezain atzerritarrak gara hemen, Euskal Herrian. Lotsagarria da.

[Maite Berriatua, 29 urte. Oiartzun]



Denda batera sartu eta den-dena dago erdaraz... Eta euskaraz hitz egiten hasi eta gaizki begiratzen dizute. Hobeto tratatzen dituzte ingelesez mintzo direnak euskaraz mintzo direnak baino. Ingelesak etxean bezala ibiltzen dira, eta gu kanpotarrak bezala

[Idoia Mendiola, 49 urte. Anoeta] 


Ikastetxean, herriko etxean, osasun etxean... Toki guztietan dago Frantziako bandera. Ikurriña bat ikusten dudanerako Frantziako hogeitasei bandera. Eta ikurriña, souvenir denda batean, beste objektu exotiko bat bezala. Horixe gara-eta, exotikoak. Exotikoak gure herrian.

[Jon Irazusta, 37 urte. Baiona]


Ikastetxeetan, ikasle askok euskara atzerriko hizkuntzak bezala ikasten dute: alemaniera bezala.  Eta beste askok ez dute ikasten. Zertarako? Urrutiko hizkuntza bat dela esaten dute. Urrutikoa, atzerrikoa. 

[Jone Berakoetxea, 31 urte. Angelu]


Nork agintzen duen ikusi besterik ez dago. Nork agintzen du? Frantziako Gobernuak! Guk gobernu propiorik ere ez daukagu. Gu gara nigeriarren parekoak. Hemen bizi gara, baina ez daukagu gobernu propiorik. Nigerriarrek behintzat Nigerian badute beren gobernua. 

[Pierre Rekalte, 57 urte. Ez du zehaztu nahi izan nongoa den]



Horra hor euskaldun batzuek salatutako egoerak. Horra hor atzerritar noiz sentitzen duren Euskal Herritik atera gabe.

Horregatik, Atzerri Eguna antolatu dute. Hendaian izango da larunbatean. Kartelaren argazkia goian duzue. 

Azalpen gehiago nahi badituzu, hementxe duzu Euskal Irratiko "Hitz eta Putz" saioan eman dudan informazioa:





Atzerri Egunak, jakina, abestia ere badu:




Andoni Tolosa "Morauk" begirunez hartu du ekimena:


Oso ados Martin, ezinezkoa da euskalduna izatea eta egunean dozenabat aldiz, gutxienez, atzerritarra ez sentitzea.

[Andoni Tolosa "Morau", Arrainentzako Himnoak blogean]

Nolanahi ere, argi utzi du "Atzerritarrak" abestiaren beste bertsio hau nahiago duela. 




Egiaz edo gezurraz harago, atzerritarrak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.


Martin Kitto

"Hitz eta Putz" saioan egindako kolaborazioak entzuteko, sakatu hemen.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina