Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2015/03/17

Aurten ere Korrikari boikota egiteko deia egin dute iazko berberek


Bigarren urtez jarraian, Korrikari boikota egiteko deia egin dute Euskal Herriko Slow Mugimenduko kideek. Mugimenduaren Lehen Nazio Biltzarrean egin dute boikoterako deia, "Hitz eta Putz" saioan jakinarazi dudanez. Honatx saioa: 





Iaz ere gogor kritikatu zuten Korrika, Izparringian argitaratutako albiste honetan ikus dezakezunez.

Slow hitzak "poliki" edo "geldo" esan nahi du ingelesez, eta, geldotasunaren defentsan, mugimenduko kideek ekintza ugari egin dituzte azken hilabeteotan: Abiadura Handiko Trenaren aurka, autopisten aurka, janari lasterra saltzen duen saltokien aurka... Betiere, egungo bizimodu estresantea salatzea izan dute helburu.

Joxe Arisberregi Euskal Herriko Slow Mugimenduko kideak adierazi du Euskal Herrian ez dugula presa sobera maite:


"Presaren presaz bizi beharra, gauzak fite egin beharra eta edozein tokitara abiadura handiz iritsi beharra. Horiek botere kapitalista globalak inposatu dizkigun bizimoduaren oinarriak dira, eta guk argi eta ozen esan nahi dugu Euskal Herrian ez dugula presaka bizi nahi, eta matxinatu egingo garela abiadura handiaren diktaduraren aurka".

Halaber, Arisberregik adierazi du Euskal Herriak patxada behar duela, eta korrika eta presaka egindako ekimenak gaitzetsi ditu:

"Euskal Herrian mendeak eta mendeak daramagu Frantziaren eta Espainiaren mende, eta euskaldunak ez dugu zapalkuntza horretatik korrika eta presaka atera nahi izan. Gauzak geldo egitearen aldekoak gara, patxadaz, presarik gabe. Kataluniak eta Eskoziak, adibidez, presaren presaz egin dituzte erreferendumak. Eta zer lortu dute? Ezer ez! Guk lasai, patxadaz egingo dugu, eta bost mende behar baditugu, ba bost mende beharko ditugu". 

Euskal Herriko Slow Mugimenduak nazio eraikuntzaren, herrigintzaren edo estatugintzaren gainetik barraskilogintza aldarrikatzen du.


"Euskararen normalizazioa ere barraskilogintzaren baitan ulertu behar da. Geldo doa, oso geldo, presarik gabe. Ekintzak geldoa beharko luke izan, lasaia, patxadatsua. Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko Slow Mugimenduak Korrikari boikota egiteko deia egin nahi du".

Boikotak boikot, hainbat eragilek Korrika babesteko ekintzak egiten ari dira. 

Esate baterako, 500 militarrek babesa eman diote Korrikari, Nafarroa WOW webgunean jakinarazi dutenez. 

Argazkia: Nafarroa WOW.

Halaber, @aitorp6 xiolariaren bidez jakin dugu Ultra Sur taldekoek ere babesa eman diotela Korrikari.


Argazkia: @aitor6.

Egiaz edo gezurraz harago, Korrika dago.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.


Martin Kitto

"Hitz eta Putz" saioan egindako kolaborazioak entzuteko, sakatu hemen.







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina