Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2014/11/05

Zorionak zuri, zorionak...? Eta hortxe dago gatazka!


Katxonderstango Errepublikako seme-alaba kuttunen izendapenak ez du etenik, eta urrian ere saria banatu dugu.

Ezer baino lehen, gogoan hartuko saria lortzeko hiru baldintzak zein diren:

- Ezohiko gauza bat egitea


- Egindakoa katxondeoz egitea


- Eta barrea eragitea


Eta urrian ez dugu zalantzarik izan: Katxonderstango Errepublikako seme kuttuna Beñat Muguruza da, euskaldunen arteko gatazkarik handiena bere gordinean azaleratzeagatik.

Zertaz ari garen? Saiatu hutsunea betetzen:


ZORIONAK ZURI!

ZORIONAK.............!

ZORIONAK ARANTXA!

ZORIONAK BETI!


Zer diozue: Zuri? Beti? 

Artikuluaren goialdean, askorik bilatu gabe Interneten "arrantzatu" ditudan bi irudi dituzue. Zein ote zuzena?

Ba, hain zuzen ere, hori izan du hizpide Beñatek Oarsoaldeko Hitzan urriaren 27an argitaratutako artikulu gogoangarri batean. 

Honatx nola aurkeztu digun gaia:


Nola demontre da abestia? Bigarren zorionak-ean zer tokatzen da, zuri ala beti? Pena da auzi hau argitu gabe jarraitzea. Izan ere, abesti hau da Euskal Herria euskaraz egituratzen duen gertakari nagusietakoa.


[...] Urtebete asko ospatzen ditugu, eta gehienetan urteak betetzen dituenari abestu ere bai. Gehienetan nahiko baldres, bihoa bidenabar. Halaere, gaia ez da inoiz ateratzen, tabu moduko bat da. Badirudi, bizitza osoan abestu dugunez, lotsa ematen digula aitortzea orain ez dakigula ondo nola den.


Beñatek erantzukizuna hartzeko deia ere egin du:


Ez dakidana da noren eskumena den euskal abestien estandarizazioa sustatzea. Nago, dena den, Euskaltzaindiak baduela arduraren parte bat.


Eta bera ere kokatu egiten da gatazkaren alde batean:


Datorren astean amaren urtebetetzea ospatuko dugu, eta berriro ikusiko dugu gure burua ataka honetan. Nik badut nire iritzia, noski; bigarrenean zuri esan beharko litzateke, eta ez beti. Hartara, beti bukaerarako utziko genuke, hori baita abestiaren apoteosia.


Erabakia lehenbailehen hartu beharra ere nabarmendu du Beñatek:


Ez dugu dimisio mediatiko gehiagorik nahi Euskaltzaindian, baina har dezatela erabaki bat behingoz, ezusteko biktimarik egon baino lehen.



Artikulu osoa Oarsoaldeko Hitzaren webgunean duzue, hemen sakatu eta bistaratzeko moduan.

Nik uste dut erreferenduma egin beharko litzatekeela, baina Auzitegi Konstituzionalak duen jarrera ikusita...

Eta zuk, zer diozu? 

Marimaistrak garai berrietan gaudela dio...



... eta Twitterreko inkesta ofizialean betitarrek irabazi dute:



... baina, emaitzak emaitza, sare sozialak sutan daude kontu honekin:











Eta, antza denez, gatazkak ez du etenik izango:



Egiaz edo gezurraz harago, euskal gatazka dago.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto
 

Eskerrik asko Jaime Altunari (@jaimealtuna), Twiterren Beñaten artikulua zabaltzeagatik. Jaimerengatik ez balitz, ez nuen Beñaten artikuluaren berri izango.


Artikulu hau gustuko izan baduzu, beste hauek ere irakur/entzun ditzakezu:


- Honatx Kataluniako auziaren irtenbidea: Gora Katalunia surrealista! (2014-08-29)

- Apaiz bat izendatu dugu Katxonderstango seme kuttun (2014-05-06)

- Martxoko Katxonderstango seme-alaba kuttunak Durangon daude (2014-04-01)

- Noentiendotarrekin euskaraz (VI): telefonoz ere, irrisistentzia eta pazientzia (2014-02-11)

- 2013ko Katxonderstango seme kuttuna Joxe Rojas da! (2014-01-09)





3 iruzkin:

  1. Nola?? Bada «beti» bigarrenean esaten duen jendea?? Ene! Hori azken partea da, hoberena, amaierako gorde behar da.

    Geureak egin du, Euskal Herria, geureak!

    ErantzunEzabatu
  2. Ados nago Tiagorekin. Zuri, zuri, beti. Lantokian galdetu degu, eta denok bat gatoz, eta zazpi gera.

    ErantzunEzabatu
  3. Kontsulta hau faltsua da! "Zorionak" abesti hau kanpotik ekarritakoa da. Zertarako inportatu kanpoko bertsio arrotz hori, baldin eta gurea badaukagu? Gurea Kaxianorena da. Gora Zorionak euskalduna! Gora gurea!

    ErantzunEzabatu