Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2014/09/25

Zaldi Eroa bisitan izan dugu.. eta erokeria nagusitu da #OEK


Ongi etorri Katxonderstanera!

Izen hori jarri diogu Oiartzun Irratiko irratsaio berriari, eta gu baino eroago dagoen bat ekarri dugu gurera: Patxi Huarte, Zaldi Eroa. Ordu beteko bisita egin digu (entzun elkarrizketa osoa mp3an). 

Izenak eta izanak makina bat buruhauste sortzen dio, antza denez. Entzun, entzun zer esan digun Mirari Martiarena eta bioi:



Patxik gauza asko kontatu dizkigu berari buruz eta bere lanari buruz. Eta barre pixka bat ere egin dugu; batez ere, galdetu diogunean zer egiten duen inor begira ez dagoenean.


Bai, gaiztoak gara.

Ordu bete inguruko bisitak askorako eman du, eta Patxi hobeto ezagutzeko parada izan dugu. Begira, besteak beste, zer esan digun:

- "Ni Patxi Huarte naiz, eta kriptonitaren etsaia Zaldi Eroa da".

- "Ni slow mugimenduko kidea naiz, hauzak geldo egitearen eta baratzeko produktuaren jatearen aldekoa".

- "Kazetaritza ikasteko gogoa nuen, baina opusfobiak jota erabaki nuen kazetaritza Opusen ez ikastea".


Euskal Talibana, Patxiren komikietako izar distiratsuenetakoa.

- "Euskara erabiltzen hastea ez zen izan Euskal Talibanaren agerkunde bat izan nuelako, baizik eta soziolinguistikak zer pentsatua eman zidalako: edo nik euskaraz egiten nuen, edo inork ez zuen nire postua ordezkatuko".

Gainera, berak hainbeste miretsi duen emakumearekin jarri dugu harremanetan...


Patxi kezkatuta, ilegorria sarean ezin aurkiturik. Baina...

Arraindegiko neska ilegorria topatu dugu!




Bestalde, Patxik ez digu gezurtatu El Paísera joango denik. Egia ote dira El Paísera joango dela dioten zurrumurruak? "El señor sabio" edota "El Talibán Vasco" El Paísen ikusiko ditugu? Patxiren erantzunak iradoki digu joateko prest dagoela:



Politika ere izan dugu hizpide: Napoleon Lopez, EAJren mitxeliñak, Kataluniako kontsulta, zentsura politikoa, Eskoziako gonak, urkullukeriak... 


The Organization-eko kideak barne eztabaidan.

Kontu zerutiarrez ere aritu gara. Galdetu diogu infernua egon badagoen eta egia ote den han euskañolez hitz egiten dela. Erantzunak harrituta utzi gaitu.

Eta, jakina, lurraldetasunaz ere hitz egin dugu. Eta kostata hasi da, berak egindako marrazkian islatu digunez, baina gauza mamitsuak esan ditu.



Elkarrizketa osoa Oiartzun Irratiko webgunean mp3an duzue, bai on line entzuteko, bai jaisteko.

Agur eta umore, Patxi! Izan ahuntza!

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.


Martin Kitto
 




"Ongi etorri Katxonderstanera!" bi ostegunetik behin emango dugu Oiartzun Irratian. 

Hurrengo datak: urriak 9, urriak 23 eta horrela ostegun batean bai eta hurrengoan ez.

Ordutegia: 13:13an lehenengo emanaldia eta 20:30etan errepikapena.

OHARRA: Argazkia Zuzeukoei "lapurtu" diegu. Izan ere, Patxi izerdi patsetan iritsi zitzaigun Oiartzun Irratira, eta ezin izan genion ganorazko argazkirik atera.










iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina