Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2014/08/18

Hiri kondairak Euskal Herrian (VII): euskal euroa


Hona hemen euskal hiri leienda edo hiri kondaira berri bat. Euro bateko euskal txapon "pirata" da protagonista; Ikurrinaren irudia duen euro bateko txanpona, alegia.

Izan al da inoiz euskal eurorik? 

Kondairaren abiapuntua Bilboko autobus batean lagun baten lagun batek entzundako elkarrizketa da. Handik eta hemendik hartutako bertsioekin eta xehetasunak alde batera utzita, honatx zabaldu zen kontakizunaren mamia:


"AutobuseanBanco de Españako langile batek beste bati kontatutakoa entzun dut, eta harri eta zur utzi nau. Entzun diedanez, euroak egiten dituzten fabrikan langile batek euro bateko txanpon arraro bat atzeman du. Alde batean ezohiko bandera bat zuela ikusi du, eta, hasieran Britainia Handiko bandera zela pentsatu bazuen ere, gerora konturatu ziren ikurrina zela!

Nagusiei abisua eman eta Ikurrina zela ziurtatu ondoren, tresneria aztertu eta, Ikurrinaren moldea ez ezik, moldea sortu eta erabiltzen zuten bi langile ere "aurkitu" dituzte. 

Ikurrinadun txanponak eta moldea suntsitu egin dituzte [ez dakigu zer egin zieten langile saboteatzaileei], eta gertatutako guztia sekretupean mantentzea erabaki dute.

Kontua da txanpon batzuk banketxeetara bidalita zeudela eta, segur aski, herritarren eskuetara ere iritsiko zirela. Inork ez daki zenbat euskal euro ibiliko den eskuz esku!"

Horraino, istorioaren mamia. Hortik aurrera, adar asko izan zituen pasadizoak: txanponek esaldiak ere bazituztela grabatuta ("Jaungoikoa eta Lege Zaharra", adibidez), bildumagile batzuek sekulako dirutzak eskaintzen zituztela euskal euroen truke, sabotaiaren erantzuleak euskal independentistak zirela...

Sarean, bertsio ugari daude. Hona hemen batzuk (gaztelaniaz hirurak):

- "Leyendas urbanas, hoaz y fraudes" webgunean: "Imprimen monedas de Euro con la bandera del País Vasco en el reverso"

- Alberto Granadosen "Leyendas urbanas. Entre la realidad y la superstición" liburuan, txaponei eta bileteei buruzko atalean.

- Elpais.com webguneko komunitatean: "Euros con la bandera vasca".

Orduan...

... nork ziurta dezake %100ean euskal eurorik ez dela inoiz egon eta kondaira hori ez dela egia izan eta ez dagoela konspirazio handi bat gertatutakoa ezkutatzeko? 

Badaezpada, begiratu poltsan, karteran, zorroan, eltxetxoan... Gogoratu euro bateko txanponak direla! Egia bada bildumagileek sekulako dirutzak eskaintzen dituztela, akabo diru arazoak!

Egiaz edo gezurraz harago, gezur sinesgarriak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, hiri kondairak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto
 



Oharra: goiko argazkiko txanpona 20 eurokoa da, eta mila eurotik gora balio omen du, webgune honetan diotenez. Hori ere faltsua ote?

Artikulu hau gustuko izan baduzu, hauek ere irakur ditzakezu:

- Hiri kondairak Euskal Herrian (VI): Pultserak egiteko gomatxoek minbizia sortzen dute (2014-07-16)

- Hiri kondairak Euskal Herrian (V): Katxondina (2014-07-03)

- Hiri kondairak Euskal Herrian (IV): errumaniar arriskutsiak perfumez armaturik (2013-11-20)

- Hiri kondairak Euskal Herrian (III): alkoholemia kontrolak oinezkoei (2013-10-09)

- Hiri kondairak Euskal Herrian (II): Umeak bahitzen dabiltza (2013-10-03) 

- Hiri kondairak Euskal Herrian (I): GORA ETA BEHERA GABILTZA (2013-08-11)


 
Eskaera

Baten batek hiri kondairarik kontatzen badizu edo edozein bidetatik halakorik iristen bazaizu, bidali mezua posta elektronikoz martinkitto3@gmail.com helbidera edo Twitter bidez @martin_kitto helbidera. 

Estimatuko dizut.

MK



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina