Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2014/07/16

Hiri kondairak Euskal Herrian (VI): Pultserak egiteko gomatxoek minbizia sortzen dute


Ingelesez, AFOAF esaten omen zaio (A Friend Of A Friend), eta lagun baten lagun batek kontatutako gezurretako istorio sinesgarriak dira. Benetakoak balira bezala zabaltzen dira. Hiri leiendak edo leienda urbanoak dira, eta Euskal Herrian ezaugarri propioak dituzten kondairak ditugu.

Gaur hemen hizpide izango duguna ez da berez Euskal Herrian eta Euskal Herriko herritarrontzat sortutako Hiri kondaira edo leienda urbanoa, baina azken egunotan inguru honetan dezenteko zabalkundea izan duenez, atal honetan sartzea erabaki dut.

Pultserak-eta egiteko gomatxoak 

Nork ez du ikusi goiko argazkikoaren antzeko pultserarik? Nork ez du inguruan haurren bat halako gomatxoekin pultserak egiten?

Bada, arriskutsu baino arriskutsuagoak dira hainbat artikulutan irakurri dezakegunez. Bada gomatxoei "etsai isil" deitzen dietenik ere.

Albiste horien arabera gomatxoek minbizia sor dezakete: gomatxoen osagaietako bat azido ftalikoa da, eta AEBko Ingurumena Babesteko Agentziaren arabera -ba al daki inork agentzia hori benetan badagoen?- ia amaiezina da azidoak sortzen dituen kalteen zerrenda:

- Epe motzean, begien, larruazalaren edo arnasbideen narridura.

- Epe luzean, konjuntibitisa, errinokonjuntibitisa, bronkitisa, arnasteko arazoak...

- Eta arazo larri-larriak ere bai: minbizia eragitea, hormonak kaltetzea, jaiotzetiko akatsak sortzea eta, hortik aurrera, hitz beldurgarri bezain potoloez osatutako abar luzea dator.

Hori guztia egia dela "ziurtatzeko", hau eskaintzen digute: inora ez daramaten estekak, erreferentzia lausoak eta konprobatu ezin daitezkeen ikerlanak, Apostasiaren aurkako blog honetan ikus dezakezuenez (gaztelaniaz).

Ez dirudi oso sinesgarria, ezta?

Baina, zer dakigu zehazki?

Azido ftalikoa produktu askotan erabili ohi da; itsasgarrietan, arropetan eta PVCan, adibidez. 

Produktu gehienen etiketetan ez da zehazten azidoa dutenik edo zenbat azido duten.

Gaur egun, gomatxoek ez dute inolako lege murrizketarik Europan, eta halako produktuak inportatzen dituzten herrialdeetako osasun erakunde bakar batek ere ez du aurkako iritzirik eman.

Arrisku bakarra haurrek gomatxoak irenstea da; beraz, tamaina txikiko beste hamaika gauzarekin bezain adi egon beharra dago.

Orduan...

Zantzu guztien arabera, "Minbizia sortzen duten gomatxoen kondaira" LSDa zuten kalkamonien kondairaren eguneraketa da.

Baina nork ziurta dezake %100ean gomatxoek ez dutela arriskurik? Nor ausartzen da esatera hiri kondaira ez dela inoiz inon egia izan?

Horra hor hiri kondairen indar petrala!

Egiaz edo gezurraz harago, euskal hiri kondairak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto
 




Artikulu hau gustuko izan baduzu, hauek ere irakur ditzakezu:


- Hiri kondairak Euskal Herrian (V): Katxondina (2014-07-03)

- Hiri kondairak Euskal Herrian (IV): errumaniar arriskutsiak perfumez armaturik (2013-11-20)

- Hiri kondairak Euskal Herrian (III): alkoholemia kontrolak oinezkoei (2013-10-09)

- Hiri kondairak Euskal Herrian (II): Umeak bahitzen dabiltza (2013-10-03) 

- Hiri kondairak Euskal Herrian (I): GORA ETA BEHERA GABILTZA (2013-08-11)


 
Eskaera

Baten batek kondaira urbanorik kontatzen badizu edo edozein bidetatik halakorik iristen bazaizu, bidali mezua posta elektronikoz martinkitto3@gmail.com helbidera edo Twitter bidez @martin_kitto helbidera. 

Estimatuko dizut.

MK



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina