Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2014/07/03

Hiri kondairak Euskal Herrian (V): Katxondina


Ingelesez, AFOAF esaten omen zaio (A Friend Of A Friend), eta lagun baten lagun batek kontatutako gezurretako istorio sinesgarriak dira. Benetakoak balira bezala zabaltzen dira. Hiri kondairak edo leienda urbanoak dira, eta Euskal Herrian ezaugarri propioak dituzten kondairak ditugu.

Katxondina

Udako jaiak hasi berri diren honetan, laster hasiko gara entzuten ez-dakit-nori edarian ez-dakit-zer bota diotela, ez direla ezertaz akordatzen, ez-dakit-zer gertatu zaiela...


Bertsio asko ditu edarian substantziak botatzeari buruzko hiri kondairak, baina bada aldaera bat Euskal Herrian bereziki 80-90eko hamarkadetan zabaldu zena eta gaurdaino iritsi dena: katxondinarena.

Katxondinaren kondairak aurreiritzi matxistak ditu oinarri: Euskal Herriko neskak oso itxiak dira, eta ez dute sexu harremanik eduki nahi izaten. Arazo latza matxoteentzat! Baina den-denak omen du erremedioa, eta horrek ere bazuen erremedioa: katxondina! 

Katxondina substantzia afrodisiakoz osatutako hautsa zen: nesken edarietan bota eta, neskek edaten zutenean, sekulako sexu grina pizten zitzaien. Esan beharrik ez dago kondaira honetan neskak zirela uzkurrak, neskak zirela katxondinaz estimulatu beharrekoak... Katxondinaren ondorioz neurriz kanpo berotzen omen ziren neskak, eta, jakina, hori aukera paregabea zen matxoteentzat.

Kondairatik tiraka, azpikondairak

Katxondina benetan bazela sinestarazteko, txiste-kondaira-azpikondaira batzuek sekulako zabalkundea izan zuten: katxondinagatik bero-bero eginda zegoen neska batek kotxeko esku-frenoa aluan sartu eta ezin izan zuela atera, neska bat etxera bere onetik aterata iritsi eta aitari eskua sartzen hasi zitzaiola, katxondinadun edaria txakurrak edan eta gau osoa txakurra gainetik ezin kendu pasa zuenarena... Istorio matxista bezain sinestezinak guzti-guztiak. Twiterreraz, #niveltxiribiton esango genieke pasadizo horiei.

Baina batzuek sinesten zituzten, eta ez ziren gutxi izan katxondina zelakoan ez-dakit-zer erosi zutenak. Baten bat ederki aprobetxatu zen beste batzuen ezjakintasunaz, eta auskalo zer saltzen zuten: azukrea, aspirina xehetua, irina... 

Jakina, katxondinaren efektuetan itsu-itsuan sinesten zutenek auskalo zer pentsatuko zuten katxondinak funtzionatzen ez zuela ikusita. Agian, hauxe: "Ze uzkurrak diren neska hauek! Katxondina hartuta ere ez dira animatzen!".

Kondairak kondaira, estimulante sexualak egon badaude, baina katxondina ez; ez, behintzat, kondairak kontatzen duen bezalakorik.

Beste "edabe magiko" batzuk

Katxondinaren kondairari lotuta (edo ez hain lotuta), 80-90eko hamarkadetan zenbait tokitan bolo-bolo ibili ziren edariekin lotutako beste kondaira batzuk. Hona hemen batzuk, zein baino zein zentzugabeagoa: 

- Kafesnearen edo garagardoaren aparrak bularren taimana handitzen du. 

- Zigarroaren errautsak edari alkoholdunetara botatzen badizkiozu, alkoholak gogorrago jotzen du.

- Ardo gorria eta pika-pika hautsak nahasten badituzu, sexu gogoa handitzen zaizu.

Esan beharrik ez dago den-denek oinarri ezin zientifikoagoa zutela.

Bide batez, halako gehiago ezagutzen badituzue, eskertuko nizueke jakinaraztea: idatzi post honen erantzunetan, edo Twitterren, edo Facebookez edo posta elektronikoz. Behean dituzue helbideak.

Egiaz edo gezurraz harago, hiri kondairak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto
 

Oharra: argazkia faltsua da, jakina. Denok dakigu katxondina ez dela C-rekin eta CH-rekin idazten, 
K-rekin eta TX-rekin baizik. 

Eta argi utzi nahi dut Katxonderstango Errepublikaren eta katxondinaren arteko antzekotasunak fonetikoak baino ez direla. 

Artikulu hau gustuko izan baduzu, hauek ere irakur ditzakezu:

- Hiri kondairak Euskal Herrian (I): GORA ETA BEHERA GABILTZA (2013-08-11)

- Hiri kondairak Euskal Herrian (II): Umeak bahitzen dabiltza (2013-10-03)

- Hiri kondairak Euskal Herrian (III): alkoholemia kontrolak oinezkoei (2013-10-09)

- Hiri kondairak Euskal Herrian (IV): errumaniar arriskutsiak perfumez armaturik (2013-11-20)


Lagundu hiri kondairak aurkitzen, mesedez!

Aizu, eta hiri kondairarik inon aurkitzen baduzu, bidali mezua posta elektronikoz martinkitto3@gmail.com helbidera edo Twitter bidez @martin_kitto helbidera. Estimatuko dizut.

1 iruzkin:

  1. INFO7 irratiko kolaborazioetan, Oinatz Aizpuruk kontatu zuen bularrak handitzeko beste bi "erremedio" ere bazeudela:

    - Oilasko azalak jatea
    - Ogi mamia jatea

    Dena "superzientifikoa", jakina.

    ErantzunEzabatu