Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2014/05/18

Nor bozkatu Europako legebiltzarrerako hauteskundeetan? Argibide batzuk




Europar hauteskundeak Frantzian eta Espainian. Hamaika hautagaitza, denak ezin zintzoagoak, denak gure alde, denek egingo dute dena ondo...

Nola jakin nor bozkatu behar dugun Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan?

Hona hemen argibide batzuk, buruan bueltaka dabilzkigun galderak erantzuteko. 

Zein da alderdirik serioena?

McGillicuddyren Alderdi Serioa. Izenak berak dio serioa dela. Zeelanda Berrian sortu zen, eta 80eko eta 90eko hamarkadetan jardun zuen politikagintzan. 

Azalpenik onena baino hobe da 1993ko hauteskunde kanpainako iragarkia ikustea:




Alderdiko hautagaia aukeratzeko, borroka bat antolatzen zuten urez betetako globoekin. Irabazlea, zerrendaburu. 

Beste batean, sistema horrekin aspertuta, aulki batzuk jarri eta musikaren jolasaren bidez aukeratu zuten. Hauteskunde programan, ideia antimilitarista xelebre hau sartu zuten: Zeelanda Berria defendatzeko modurik onena hondartzetan zerbezak jartzea; hartara, inbaditzaileak zerbezak edan eta mozkortu egingo ziren, Zeelanda Berria inbaditu ordez.

Ba al dago arazoak prebenituko dituen alderdirik? 

Bai, Garagardo Poloniarraren Zaleen Alderdia.
Umoregile batek sortu zuen, Janusz Rewinskik, eta polonierazko siglak PPPP ziren! 

Lehenengo helburua alkoholismoa prebenitzea zen, eta, horretarako, vodkaren aurrean garagardoa kontsumitzea bultzatu zuten. 


Irudi batek mila hitz baino gehiago balio du, ezta?
Argazkiaren jatorria: cerveceo.com

1991ko Poloniako hauteskundeetan 16 eserleku lortu zituzten. Handik gutxira, bitan banatu zen: batetik, garagardo handiaren aldekoak, eta, bestetik, garagardo txikiaren aldekoak. Zuritoa vs kaña? 

Rewinski saiatu zen bi zatiak batzen, baina ez zuen lortu eta azkenean alderdia desegin egin zen, eta diputatuek beste alderdi serio batzuekin bat egin zuten.

Nor arduratuko da etorkizunaz?

ALZ alderdia. 1996an, Alemaniako udal hauteskundeetan Joseph Alzheimer buru zuen hautagaitza aurkeztu zuten Regensburg-en (Ratisbonan). Bi zinegotzi eskuratu zituen, mezu hau behin eta berriro errepikatuz: "Ahaztu iragana!". Jakina, Joseph Alzheimerrengandik ezin zitekeen besterik espero... 

Hona hemen Joseph Alzheimerren diskurtsoa, 4.000 lagunen aurrean (alemanieraz, gaztelaniazko azpitituluekin):



Zein alderdik eskainiko dizkio "arima eta gorputza" bere proiektuari?

Italiako Alderdi Erradikalak, eta alderdiaren buru Ilona Stalerrek, Cicciolinak (euskaraz, Maitetxu). Porno izar izatetik politikarako jauzia eman zuen. 1979an Lista de Sole alderdi ekologistarekin ekin zion bere ibilbide politikoari, eta 1985ean Alderdi Erradikalera pasa zen, mezu nagusi hauekin: energia nuklearraren eta NATOren aurka, eta amodio librearen alde. 1987an, Italiako parlamentuan eserlekua lortu zuen, Erroman 20.000 boto baino gehiago lortuta.


Cicciolina, Italiako legebiltzarreko eserlekuan... Edo, etzanlekuan?
Argazkiaren jatorria: sky

1990ean, Golkoko gerra hasi berritan, Sadam Husseini eskaintza xelebre bat egin zion: bere "gorputza" eskaini zion Irakeko tirania amaitzearen truke. Sadamek ez zion kasu egin, jakina. Gero, 2006an, eskaintza berbera egin zion Bin Ladeni: atentatuak egiteari utzi haren "gorputzaren" truke.

Zein alderdik beteko du agindutakoa?

Kanadako Errinozeroen Alderdiak. 60ko hamarkadatik 90eko hamarkadara iraun zuen, eta agindu zuten inoiz hauteskundeak irabazten bazituzten gobernua desegin eta berriro ere hauteskundeak deituko zituztela.


Errinozeroak Kanadan? 
Argazkiaren jatorria: taringa

Zergatik aukeratu zituzten errinozeroaren izena eta irudia? Haien ustez, politikariak eta errinozeroak oso antzekoak direlako: “Biak ala biak oso geldoak dira, baina bere burua arriskuan ikusten dutenean oso bizkor mugitzen dira”.

Besteak beste, honako neurriak proposatu zituzten:

- Legeak bertan behara uztea, legearen aurkako deliturik ez izateko.

- Grabitatearen Legea ere bertan behera uztea.

- Britainia Handian bezala, ezkerretik gidatzea, eta, horretarako, hurrenkera hau proposatzen zuten: aurreneko urtean, kamioiak eta traktoreak hasi beharko lukete ezkerretik gidatzen, hurrengo urtean autobusak, eta, hirugarren urtean, automobilak eta bizikletak.

Baina, azken batean, zein da alderdirik onena?

Ba, argi dago. Hauxe:

Txomin, Alderdi Onena. Izenak argitu digu zalantza oro.
Argazkiaren jatorria: 7 días


Madrilgo 2011ko udal hauteskundeetan aurkeztu zen alderdia. Zentro muturreko ideologia zuen, eta hiru proposamen berritzaile egin zituen kanpainan:

- Ibilgailu batek ere ezingo zuela atzera egin, atzerapen sozialik ez eragiteko.

- Ibilgailuek ezingo zutela kilometroko 300.000 segundoko abiadura gainditu.

- Espainia-Belgika futbol partida ez dela interes orokorrekoa izango, harik eta espainiar eta belgiar guztiek partida jokatzen duten arte.

Txominen Alderdi Onena, ordea, ez da izan bakarra. Beste Alderdi Onena Islandian dago. Jón Gnarr aktore eta komikoak alderdi politikoa sortu zuen Islandian 2009an, eta izen bera eman zion: Alderdirik Onena (islandieraz, Besti flokkurinn). 


Alderdirik onena izango da, baina ez dakit kartelik onena izango den.
Argazkiaren jatorria: http://www.bestiflokkurinn.is

Aurreko urteetan gobernuan egon ziren alderdi politikoak salatuz, Alderdi Onenak Reikiavikeko udal hauteskundeak irabazi zituen 2010an. Nola ez, onena bazen? 

Krisiari aurre egiteko neurri politiko-sozialekin bat, proposamen ironikoak eta ezinezkoak ere aurkeztu zituzten; adibidez, 2020aren aurretik "drogarik gabeko legebiltzarra" eratuko zutela.

Gnarrek agindu zuen ez zuela hitzarmenik egingo "The Wire" telesaileko atal guztiak ikusten ez zituztenekin.

Kontuz! Txakurrei ez bozkatu, behintzat

Itxura ona badute ere (gorbata, begirada zuzena...), kontuz! Ez bozkatu txakurrak!


Txakur bat, Amorruaren Alderdiaren hautagai.

"Politiko txakurrak baino hobe txakur politikoak". Lelo horrekin Agrigentoko alkate izateko Stefano txakurra aurkeztu zuten "sumindu" batzuek. 

Datorren iganderako gauzak argi utzi dizkizuedalakoan, ondo segi!

Egiaz eta gezurraz harago, politikagintza surrealista dago.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea. 


Martin Kitto



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina