Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2014/03/26

ETB1en txiste bat egin dutela Ortega Larari buruz?


Ikusi duzue "Bi eta bat" telesailaren azken atala?

Eszena hau ikusi duzue?


[Bost emakume Joxe Lontxori buruz ari dira hizketan]

- Look aldaketa txiki bat baino ez du behar

- Horrek lan handia du!

- Lehenengo, ilea moztea izango da.

- Eta betaurrekoak! Horrek lentillak behar ditu

- Nik lentilla urdinak jarriko ditut!

- Eta X izpiak ere behar ditu, Ortega Lara zulotik irten berritan ematen du-eta.


Soka luzea eta polemika sutsua ekarri ditu Ortega Larari buruzko esaldiak. Hona hemen polemikarekin lotutako gertakizun esanguratsuenen kronologia:

Emanaldiaren biharamunean 

Manos Limpias sindikatuak ETB1en aurkako kerella jarri du Auzitegi Nazionalean. 

La Razon egunkariak lerroburu hau argitaratu du azalean (gaztelaniaz, jakina): "ETB1ek trufa egin dio Ortega Larari". Eta, letra txikiagoan, editoriala, izenburu honekin: "ETB eta ETA, berdin da". 

Alderdi Popularrak eskatu du telesaila gehiago ez emateko eta ETB Nahieratik behin betiko kentzeko. Alderdi Sozialista bat etorri da proposamenarekin. UPyDk telesailean parte hartu duten langileei boikota egin eta beste inon ez kontratatzeko gomendatu du.

EITBko zuzendaritzak "Bi eta bat" telesaila programaziotik at utzi du behin-behinean, eta ekoiztetxearekin kontratua eteteko aukera aztertzeko agindu die aholkulari juridikoei.

Bigarren egunean 

AVTk prentsaurrekoa eman du, eta irain larritzat eta umiliaziotzat jo du txistea. Zuzenean Jaurlaritzari leporatu dio errua, hitz hauekin: "Lotsagarria da Jaurlaritzak bere telebistan ETAren aldeko mezuak emititzen uztea".

El Mundok azalean salatu du telesaileko aktore baten lehengusua Arrasateko HBko zerrendakide izan zela 1995eko udal hauteskundeetan. 

Interneten, babesleen aurkako boikota egiteko deia zabaldu dute hainbat eragilek. EITBko saioak babesten dituzten 8 enpresek babesle izateari utziko diotela iragarri dute. 

#ContraChistesEtarras trending topic Espainian.

Hirugarren egunean

Carlos Urquijok EITBri eskatu dio ezaba ditzala programaziotik biktimen aurkako mezuak izan ditzaketen saio guztiak. Tartean sartu ditu "Hitzetik Hortzera", "Sautrela" eta "Teknopolis". 

Iturgaizek Europako Legebiltzarrean mozioa sartu du txistea kondenatzeko. 

Frantziako Gobernuak adierazi du Espainiako Gobernuarekin bat datorrela auzi honetan.

Beste lau enpresak babesle kontratuak eten dituzte ETBrekin.

Change.org plataforman 340.000 sinadura lortu ditu EITBn AVTren aldeko maratoia egiteko proposamenak.

Laugarren egunean

Auzitegi Nazionaleko seigarren aretoak telesailaren atalaren ikus-entzunezko euskarriak eskuratzeko agindua eman dio Guardia Zibilari.

Espainiako Estatuko Abokatuak azken hiru hilabeteetako saioetan euskaraz esandako guztiak gaztelaniara itzultzeko eskatu dio EITBko zuzendaritzari, delitu zantzuak ote dauden ikertzeko.

Mayor Orejak kazetari batzuen aurrean iradoki du ETB1en jarduna behin betiko eteteko nahiko arrazoi daudela.

Bosgarren egunean

Biktimen elkarte batzuek manifestazioa deialdia egin dute, lelo honekin: "Umiliazio gehiago ez!". 

Yolanda Barcinak Diario de Navarran: "Nafarroan ez diogu inoiz atea irekiko terrorismoa goratzen duen telebista bati".

Eta... 

Nahikoa da. Ez duzu sinetsi, ezta?

Susmatuko zenuenez, "Bi eta bat" telesailean ez dute halakorik esan, eta, nik dakidala, ETB1en ez da halako txisterik inoiz kontatu.

Artikuluaren hasierako eszena Tele5 telebistako "La que se avecina" telesailean eman zuten, duela hilabete inguru. Ez dira Joxe Lontxori buruz ari, Leori buruz baizik.


"La que se avecina" telesaileko bost aktore, Ortega Lara hizpide duten eszenan.

8. denboraldiko 12. atalean gertatu zen. Atala ikusgai duzue Tele5en webgunean. Atala ikusteko klikatu hemen (txistearen pasadizoa atalaren amaieratik 34:30era dago). 

Eta Espainian ez da ezer gertatu.


Nik ez dut ditut halako txisteak sobera maite. Nik halako txisteak kontatu eta ezer gertatzen ez den herrialde batean bizi nahi dut. Eta hori ez da egungo Euskal Herria.

Galdera EHko umore aditu bati bideratu diot, eta hona hemen bion arteko txio trukea:



 




Beste batzuek ere zabalkundea eman diote gogoeta honi, eta biziki eskertu nahi diet oiartzuna ematea.







Egiaz eta gezurraz harago, umorearen muga nazionalak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea. 


Martin Kitto

2 iruzkin:

  1. Euskarazko hedabideetan lanean dabiltzan batzuei galdera hau egin diet: Zer gertatuko litzateke Ortega Larari buruzko txistea zuenean kontatu izango bazenu?

    1) Oharkabean pasako litzateke, eta ez luke inolako ondoriorik izango.
    2) Auzibidea ireki eta auziak Auzitegi Nazionalean bukatuko luke.

    ErantzunEzabatu
  2. Artikulu hau argitaratu eta egun batzuetara, Pablo Rivadullori ("Pablo Hasel") 2 urteko espetxe zigorra jarri diote terrorismoa eta ekintza terroristen egileak goratzeagatik eta delitu horien biktimak umiliatzeagatik.

    En fin...

    ErantzunEzabatu