Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2014/02/24

Gezurra egiaz mozorrotuta: Operación Palace, Flandesen independentzia...


Kalapita galanta eragin du "Operación Palace" dokumentalak! Twitter eta gainerako sare sozialak ikusi besterik ez dago. Faltsumentalak aldeko eta aurkako muturreko sentimenduak sortu ditu... Eta hedabideen sinesgarritasunari buruzko eztabaida mamitsuak ere piztu ditu, jakina.

Gatozen harira: komunikazio kanpaina eraginkor baten ondorioz, sekulako ikusmira zegoen LaSexta telebista kate espainiarrak 1981eko otsailaren 23an emandako estatu kolpearen gaineko dokumentala ikusteko. Askok sinetsi egin zuten han kontatzen zen guztia: kolpea faltsua izan zela, horren atzean alderdi politikoak zeudela... Dokumentalaren bukaeran baino ez zuten aitortu dena faltsua zela.

Jakina, ez da halakorik egiten den lehenengo aldia. Ehunka egin dira, eta nik, LaSextak sortutako eztabaidaren beroan, baten batzuk bildu ditut.



"ILARGIA OPERAZIOA"



"Operacion Palace" faltsumentalaren egileek onartu dute "Ilargia operazioa" izan dutela oinarri [jatorriz, frantsesez: "Opération Lune"].

Faltsumentalean gezurtzat jotzen dute Apolo 11 espaziontzia ilargira iritsi zenik, eta ilargira iritsi zireneko irudiak Stanley Kubrick zine zuzendariak estudio batean filmatuak izan zirela eman zuten aditzera.

Filmaren kartela.
"Top secret" jartzen duen tokian "Top Txantxa" jar zezaketen.


Filmazio horretan, LaSextakoan bezala, pertsona ezagunek hartu zuten parte; adibidez, garai hartako AEBko goi kargudunek (Donald Rumsfeld eta Henry Kissinger estatu idazkariek, Richard Helms CIAko zuzendariak...) eta Stanley Kubricken alargunak. Hori bai, parte-hartzaileei ez zieten esan zein zen elkarrizketen benetako helburua, eta galdera nahaspilatsuen bidez erantzun puskak elkartu eta istorioa osatu zuten: estatubatuarrak ez ziren inoiz iritsi Ilargira.

Faltsumentalaren bukaeran dena txantxa zela onartu zuten.

Lehenengo aldiz, Artek emititu zuen, Frantzian, 2004ko apirilaren 1ean. Frantziako Inuzenteen Eguna zenez, batek baino gehiagok usaina hartu zion faltsumentalari.

"Ilargia operazioa" youtuben dago osorik, hainbat hizkuntzatan; adibidez, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez.  



FLANDESEN INDEPENDENTZIA



RTBF Belgikako Telebista Publikoak 2006ko abenduaren 13an egindako emankizun faltsuak ere soka luzea ekarri zuen.

Gezurretako albistegi emankizun berezi batean honako albiste hau zabaldu zuten: Flandesek ustekabean independentzia aldarrikatu eta Belgika bi estatutan zatitu zela. Albistegian, Flandesko legebiltzarrarekin eta Erret Jauregiarekin gezurretako konexioak egin zituzten. Une batean, Belgikako Erret familiak Afrikara alde egin zuela ere kontatu zuten. Bye, bye Belgium?


RTBFko kazetaria Flandriako Legebiltzarraren aurrean, "zuzenean" "albistearen" berri ematen.
ARGAZKIAren jatorria: Alexis Haulot.

Albiste emankizun horretan, politikari ezagunek eta telebistako kazetariek hartu zuten parte, eta horrek sinesgarritasun handia eman zion albisteari.

Albiste emankizunaren 30. minututik aurrera pantailaren azpialdean mezu hau bistaratu zuten tarteka: "Hau fikzioa da". Hala ere, emankizuna ez zuten eten, eta fikzioarekin jarraitu zuten.

Kritika latzak izan zituen emankizunak, eta ika-mika politiko handia eragin zuen.

Hona hemen hasierako zatia, programazio eten eta albistearen berri eman zutenekoa (frantsesez):
 
 



ESTATU KOLPEA SOBIETAR BATASUNEAN


TVEn, Kataluniarako emankizun batean, bertako politikarekin baino nazioarteko politikarekin lotutako gezurretako albiste baten berri eman zuten.

1991ko apirilaren 5ean, "Camaleó" izeneko fikziozko telesail baten lehenengo atala ematen hasi ziren, eta halako batean eten egin zuten saioa, Sobietar Batasunean estatu kolpe bat izan zela kontatzeko. Albistea sinesgarriagoa izateko, CNNren logoarekin jokatu zuten: albistearen jatorria CNM katea zela esan zuten, eta CNNren antzeko logoa erabili.

COPE irrati kateak bere albiste emankizunean sartu zuen estatu kolpearen albiste faltsua, eta La Vanguardiako Moskuko berriemailea Plaza Gorrira bidali zuten, tankeak ote zeuden bertatik bertara ziurtatzeko. Hori guztia saioa fikzioa zela iragarri ostean...


[Kartelean] Albiste emankizuna.Telebistak jakinarazten dizu albiste emankizuna ez dela faltsua izan.
[Ikuslea] Pena!

Emankizuna garesti atera zitzaien askori: TVEko zuzendaritzako kide batzuk kargugabetu egin zituzten, eta "Camaleó" saioa ez zuten gehiago eman. Espainiako eta Kataluniako kazetari eta intelektual ugarik emankizunaren aldeko iritzia eman zuten. Tartean Iñaki Gabilondo zegoen! Kasualitatea? Gabilondo "Operación Palace" faltsumentaleko protagonistetako bat da...

Eztabaida interesgarria eta mamitsua ekarri zuen saioak: non daude komunikazioaren mugak? Legitimoa al da halako emankizun bat? Ez al zen okerragoa izan Golkoko Gerran hainbat hedabidek egindakoa -adibidez, CNNk-?

Eztabaida garagardoaren aparra bezain azkar jaitsi zen lau hilabeteren buruan: abuztuan, Sobietar Batasunean estatu kolpea eman zuten, eta hura benetakoa izan zen!

Hona hemen gezurretako emankizuna (katalanez):






ETA EUSKAL HERRIAN, ZER? XABIERTXO!



Euskal Herrian "Operación Palacen" antzekorik egin ote den ikertzen aritu naiz, eta Mikel Alvarezen (@theindezents) "Xabiertxo" aurkitu dut, edo, hobeto esateko, berak aurkitu nau.

Hona hemen Mikelen azalpena, The Indezents blogetik aterata:

Gustuko ditut dokumental faltsuak, izugarri gainera. Ez da generorik emankorrena inondik inora eta nahi baino gutxiago ikusi ditut (baten bat ezagutzen baduzue, eskertuko nizueke aipamena). Dokumental faltsuak gezur bat egia moduan kontatzea baliatzen du beste edozein generok baina gehiago eta hori gutxi balitz, hain maite dudan umore surrealistarako bidea ere ematen du (edozer gauza esan dezakezu egia balitz moduan!).

HUHEZI garaietan, guk ere egin genion generoari ekarpen txiki bat eta dokumental faltsuen gaia guztion ahotan dabilela ikusita, apaletik jetsi eta The Indezents berri honetara ekartzea erabaki dut. Xabiertxo izena du eta dokumentalak lantzeko balio izan zigun ikasgaiaren amaieran aurkeztu genuen lana izan zen. Leku ezberdinetan ikusi ahal izan zen eta Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran fikziozko lan ez profesional hoberenari lehen saria eraman zuen (bizi osoan jaso dudan sari bakarra). Ea zer iruditzen zaizuen!

[Artikulua The indezents blogean irakur dezakezu] 


Bikaina da lana, bikaina. Bere blogetik hartu eta hemen ere partekatu nahi dut zuekin:




 
Zorionak, Mikel eta faltsumentalean parte hartu duzuen guztiak!

Gainerakoan, harri bitxi horretaz gaindi, Euskal Herrian ere izan dira egiatzat hartu dituzten beste gezur batzuk:

- ETBk ETAren ustezko komunikatu baten berri eman zuen, baina komunikatua ez zen ETArena izan, ziria sartu nahi izan zuen pertsona batena baizik.

- Arraldeko presoen aldeko ekitaldia Atera kontuak! Dignidad y Justiciak Auzitegi Nazionalari eskatu zion "Arralde mendiko" ekitaldia debekatzeko.

- Orain gutxi, Unai Romano Venezuelako poliziak torturatu zuela salatu zuen txantxetan @aranagoiri txiolariak, eta Venezuelan egiazkotzat hartu zuten salaketa: 



- Azken egunotan, beste gezurretako albiste bat bolo-bolo ibili da, eta batek baino gehiagok sinetsi egin du: arau berri baten arabera, futbol jokalari batek epaileari euskaraz egiten badio, txartel horia aterako diote.


Egiaz edo gezurraz harago, egiak eta gezurrak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea. 

Martin Kitto



Artikulu hau gustuko baduzu, beste hau ere irakur dezakezu:

- Eta nondik dator tartak aurpegian botatzeko kontu hori? (2013-11-19)







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina