Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2014/01/24

Mikel Españan dabil... eta Miguel Euskal Herrian


Blog honen irakurleok, badakizue langabeziaren ondorioz euskal herritar asko eta asko atzerrira joan direla lan bila.

Horietako bat nire lagun Mikel da. Gizajoak bi urte daramatza langabezian, eta, azkenean, kanpora alde egitea erabaki du. Oso urrutiko herrialde batera joan da. Ez dakit ezagutuko duzuen herrialdea. España izena du. 

Mikelek gutuna bidali dit Españara iritsi eta pare bat egunera.

*****************************************

Kaixo, Martin. 

Zer moduz Euskal Herrian? Iritsi berri nauk Españara, eta majo kostatu zaidak iristea, motel. Esaten nian nik ez zela ideia ona autoz etortzea! Ba al dakik zer gertatu zitzaidan? GPSan "España" idatzi, eta aparailuak Donostiarako norabidea agintzen zidaan; Intxaurrondoko kuartelera, hain zuzen!

GPSa alde batera utzi, eta orduak behar izan nizkian Gipuzkoatik atera eta Españaranzko bidea hartzeko. Galdeiok Diputazioko lagunari zergatik ez den ageri errepideetako karteletan "España".

Kontuak kontu, azkenean Españara iritsi ninduan. Itxuraz, ez nian desberdintasun handirik aurkitu Euskal Herriarekin: Euskal Herriko eguraldi puta berdina, tabernak eta elizak nonahi, eta bandera gorri-horiak edifizio ofizialetan.

Baina bai, bazagok aldea Euskal Herriarekin. Adibidez, erdaldunak. Hori erdaldun pila dagoena Españan! Ez sinesteko modukoa, hi! Beasainen baino gehiago daude-ta! Ez litzatekek txarra AEK-k Españan euskaltegiak irekitzea. Lan handia izango likek. Bai, jauna.

Baina erdaldun horiek oso euskaltzaleak dituk. Atera kontuak: Ez zagok Berria egunkaria edo Argia aldizkaria inon erosterik. Agortuta zaudek saltoki guztietan! Euskaraz jakin ez eta ale guztiak agortzen ditiztek. Bai, erdaldunak dituk, baina euskaltzaleak, eta horregatik erosten ditek prentsa euskalduna. Bazeukatek non ikasia Euskal Herriko erdaldun batzuk!


Beste kontu bat: hik ba al dakik zein den Usted? Izan ere, nik ez diat erdara askorik ulertzen (3. urratsean nagok), baina erdaldunak beti etortzen zaizkidak Usted delako horri buruz galdezka: "Ke kiere Usted?", "Ke desea Usted?", "Tiene Usted kanbios de zinko euros?"... Usted gora eta Usted behera. Nik nola arraio jakingo diat Ustedek zer nahi duen, ezagutu ere ez diat egiten eta!


Ditxosozko Usted hori nor den jakiteko, kalean zebilen edadeko gizon bati galdera hau egin nioan:

- Oye, por faborez, me barkatuas? Sabes kien es Usted?


Alegia, ba ote zekien Usted nor zen. Eta ba al dakik zer erantzun zidan?

- Yo soi Felipe.

Harrapazak! Ez al zidak erantzun Felipe zela! Nik ez nioan galdetu bera nor zen, Usted nor zen baizik!

Gero pentsatu nian adarra jotzen ariko zela. Umore española?

Bueno, Martin, eskumuinak kuadrillakoei, eta ondo segi. Izango duzue nire berri gutunez. A, eta nahi baduzue, telefonoz ere badaukazue deitzea. Euskaltelekoak despistatu egin dituk, eta Euskal Herritik Españara egindako deiak dei "nazionaltzat" hartzen ditiztek. Ez dituk enteratzen...

Ayo.

Mikel 

*****************************************

Ai, gure Mikel... Erantzun gutunarekin batera, VOX hiztegia bidaliko diot, Españan hobeto moldatzeko.

Edo, bestela, Miguel nire bizilagunarekin hitz egingo dut. Aspaldi etorri zen Españatik, eta hura ere nahiko galduta ibili zen Euskal Herrira iritsitakoan, inguruan gertatzen zitzaizkionak ulertu ezinik.

Egiaz edo gezurraz harago, norbere mundua eta besteen mundua dago.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea. 

Martin Kitto


Eta, bai, aurreko batean ere adierazi nuen: badakit euskaraz ez dela España idazten, Espainia baizik. Eta?

Artikulu hau gustuko baduzu, beste hau ere irakur dezakezu:

- Eta España esnea sortuko balitz? (2013-06-01)













1 iruzkin:

  1. Mikelen eta Miguelen kontu hau dela eta, elkarrizketa xelebre bat izan dut ezagun batekin. Hau esan dit:

    - Hemen UPyD euskaldun bat sortu behar dugu!

    Ni harri eta zur geratu naiz, eta, zer esan ez nekienez, txistea atera zait:

    - Ba, orduan, Arroxita Hamar izango litzateke alderdiaren buruzagia.

    Ezagunak ez du txistea gustuko izan. Agian, ez duelako ulertu...

    ErantzunEzabatu