Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2014/01/31

Jan gabe bizi litekeela? Bai, zera!


 
Urte hasi eta hilabetera, non geratu dira urteberritan zenituen asmoak? Asmoetako bat argaltzea zen. Eta, "kiloak galtzeko", dietan jartzea, kirola egitea, gutxiago jatea... Agian mesfidatiegia naiz, baina gerta liteke asmoak asmo hutsean geratu izana, ezta?

Baina zuk ez al dakizu argaltzeko modurik eraginkorrena ez jatea dela? Zuk ez al dakizu jan gabe bizi daitekeela?

Horixe aldarrikatzen dute Inediaren aldekoek: jan beharrik ez dagoela eta argia eta airea nahikoa direla gorputza elikatzeko eta osasuntsu bizitzeko.

********************************************

Hizkuntz oharra: ingelesez, breatharianism hitza ere erabiltzen dute, gaztelaniaz respiracionismo eta frantsesez respirianisme. Euskaraz ez dut pareko hitzik aurkitu. Arnasismoa? Nik hori erabiliko dut.

********************************************
Bi hitzetan, hauxe da filosofia: benetan sinesten baduzu, argiak eta aireak nahikoa indar ematen dizu bizitzeko, eta ez duzu jan edo edan beharrik. Munduan, 5.000 jarraitzaile inguru omen ditu mugimendu honek. Ez naiz harritzen. Bada merkatuan dieta merkeagorik?

Ezagutu nahi dituzu arnasista batzuk?

Ellen "Jasmuheen" Greves australiarra mugimenduaren pertsona ezagunenetakoa izan da azken urteetan. 1993tik argitik eta airetik elikatu omen da. 


Ez du itxura txarrik Ellenek, 1993tik ezer jan gabe badago ere.
Argazkia: estacablob.
 
Afrikan goseak hiltzen direnei buruz galdetu ziotenean -azken batean, argi faltarik ez dago Afrikako toki gehienetan-, hau erantzun zuen: "Arazoa da sinestuta dutela jan gabe hil egingo direla". Sinestea da falta zaiena, antza.

Beste arnasista bat Michael Wemer alemaniarra da. Duela 13 urte, patata entsalada eta tarta puska bat jan zuen, eta orduz geroztik ez du beste ezer jan. Eguzkiaren argiarekin nahikoa omen du. 


Ikusi nahiko nuke Michael Wemer Euskal Herrian. Nola biziko litzateke eguzkiaren argitik?

Bueno, noizean behin kafea hartzen omen du, baita fruta zukuren bat eta baso bat ardo ere. Ardoarena estamuko tristurari aurre egiteko izango da, ez behar duelako, jakina... 

Baina marka guztiak hausten dituena Prahlad Jani (Mataji) indiarra da. 7 urte zituenetik jan gabe bizi da, eta gaur egun 87 urte ditu! 



Hirea bai dela gose greba mugagabea eta ez beste batzuk egiten dutena!
Argazkia: guioteca

Kontu honi buruz informazio ugari dago sarean. Saltsa-maltsa horretan, hau nabarmendu nahi dut: "In the Beginning There Was Light" filma (2010), arnasismoa 10 urtez ikertu ondoren egindako filma. Filmaren gaztelaniazko bertsioa youtuben daukazu, oso-osorik: "Vivir de la luz".

Kontu hau barregarria izango litzateke, baten batzuek hau guztia sinetsi eta hil izan ez balira. Iaz, 50 urteko suitzar bat hilik aurkitu zuten Prahlad Janiren dieta miragarria egiten hasi eta egun batzuetara. Honek ere ez zuen jarrera egokia izango...

Eta zu, ausartuko zara?


Egiaz edo gezurraz harago, dieta miragarriak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea. 

Martin Kitto








iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina