Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2013/11/20

Hiri kondairak Euskal Herrian (IV): Errumaniar arriskutsuak perfumez armaturik


Ingelesez, AFOAF esaten omen zaio (A Friend Of A Friend), eta lagun baten lagun batek kontatutako gezurretako istorio sinesgarriak dira. Benetakoak balira bezala zabaltzen dira. Hiri leiendak edo leienda urbanoak dira.

Egunotan, kutsu arrazista nabarmena duen pasadizo bat dabil ahoz ahoz, edo, hobeto esateko, telefonoz telefono, guasap bidez ari baita zabaltzen (eta gaztelaniaz, jakina):





Neronek itzulita:


"Errumaniar batzuek txirrina jo eta esaten badizute perfume bat saldu nahi dizutela, erantzun ezetz eta ez usaindu lurrina. Usainduz gero, lokartu egingo zaituzte eta etxean lapurtzen dizute. Eman abisua ezagunei."

Hainbat bertsio dabiltza: batean, Oliten gertatu da lapurreta, eta, beste batean, Eibarren. Dena dela, datu zehatz askorik ez du pasadizoak; beraz, zaila egia edo gezurra den jakitea. Eta hiri kondairen ezaugarri nagusia horixe da, hain zuzen ere.

Interneten sartu eta segundo batzuen buruan argia ikusten hasi naiz: polizien foro publiko batean, 2008ko irailean faltsutzat hartu zuten pasadizoa, eta arrazoi hau eman zuten: eter perfumearekin konortea galtzeko, denbora tarte luze samarrean usaindu behar da.

Nolanahi ere, errumaniar lapurren hiri kondairatik harrigarriena da zein azkar zabaldu den guasap bidez istorioa gezurra dela. Goiko mezua iritsi eta ordu batzuetara, umorez, arrazakeriaz eta sexismoz gainezka egiten duten beste mezu hauek jaso ditut:


"Beltz batzuek txirrina jo eta esaten badizute xibak saldu nahi dituztela, ez ireki atea. Izan ere, xiba dantzan jartzeko, etxean sartzen dira, eta xiba hartzeko makurtzen zarenean, atzetik sartzen dizute oso-osorik. Oliteko bati gertatu zaio".


"Txirrina jotzen dutenak 90-60-90 neurriko emakumezko suediarrak badira eta galtzontziloak saldu nahi badizkizute, ez jantzi. Janzten hasten bazara, bilustu egiten zaituzte, eta, gero, lotu eta sexu harremanak izatera behartu, konorterik gabe utzi arte. Gero, dena lapurtzen dizute. Niri astelehenean, asteazkenean eta ostiralean gertatu zait. Pasa mezua, mesedez".

"Abisu garrantzitsua! Errumaniar batek txirrina jo dit. Kriston jipoia eman diot, eta hara! SEURekoa zen".

"Ekuadorreko batzuek txirrina jotzen badizute, ez ireki atea. Ez dira Ekuadorrekoak. Haiek ez dira txirrinera iristen".

Oliteko errumaniarren argazkia ere iritsi zait:


Eta posta elektronikoz Haizeak hau bidali dit: Julio Iglesias ibiliko omen da ate joka...



Ordu batzuen buruan, Nafarroako foruzainek ere gezurtatu dute "pasadizoa". Ikus albistea Noticias de Navarran.  
Niri, azken batean, perfumearen kontuak Patrick Suskinden eleberria ekarri dit gogora. Horregatik aukeratu dut goiko argazkia.

Egiaz edo gezurraz harago, hiri kondairak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto
 

Artikulu hau gustuko izan baduzu, hauek ere irakur ditzakezu:

- Hiri kondairak Euskal Herrian (I): GORA ETA BEHERA GABILTZA (2013-08-11)

- Hiri kondairak Euskal Herrian (II): Umeak bahitzen dabiltza (2013-10-03)

- Hiri kondairak Euskal Herrian (III): alkoholemia kontrolak oinezkoei (2013-10-09)


Hiri kondairarik inon aurkitzen baduzu, bidali argazkia edo/eta mezua posta elektronikoz martinkitto3@gmail.com helbidera edo Twitter bidez @martin_kitto helbidera. Estimatuko dizut.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina