Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2013/11/19

Eta nondik dator tartak aurpegian botatzeko kontu hori?


Epaiaren zain geratu gara Barcinari tartak botatzeagatik auzipetuta dauden lau lagunen aurkako epaiketan. Egunotan hamaika aldiz ikusi dugu Barcinaren aurkako "eraso gozoa".




Ez da, jakina, horrelako ekintzarik egiten den lehenengo aldia. Izan ere, nork ez du ikusi telebistan antzekorik? Baina zergatik egiten dira halakoak? Nor izan zen halako "ekintza" bat egin zuen lehenengoa? Ze jatorri du tarta bota eta aldarri politikoak egiteak?

Jatorria

Tartalariaren eszenek "Mr. Flip" filmean dute jatorria. 1909ko komedia horretan erakutsi zen lehenengo aldiz pertsona bat beste bati aurpegira tarta bat botatzen. Tabernako bezeroak barraren bestaldean dagoen emakumea ernegatu du, eta honatx emakumearen erreakzioa: Zapla tartarekin!

Bideoaren bukaeran duzue eszena (03:25etik aurrera):



Lehenengoa izanagatik ere, ez zen tartaren ekintzari zabalkunde handiena eman zion filma.

Horretan, mugarri izan zen "Behind the screen" (Pantailaren atzean), 1916ko filma, Charlie Chaplin protagonista duena. Film horretakoa da zineko lehenengo tarta gerra.



Tarta gerrez ari garelarik, ezin baztertu Laurel eta Hardy protagonista dituen film hau: "The battle of the century" (Mendeko bataila), 1927koa. Goiko argazkian duzue filmaren kartela, eta honatx tartak batetik bestera hegan:




Tarta gerretan garestiena "The great race" filmekoa izan zen ("Lasterketa handia"), 1965ekoa. 200.000 dolar xahutu zituzten tartaren eszenan.

Filmaren zati hori hemen duzue ikusgai (ez du aukerarik ematen bideoa webgunera ekartzeko). 

Fikzioan, zinean nahiz telebistan, eta zer esanik ez pailazoen ikuskizunetan, hamaika bider erabili da "tarten ikusikizuna". Ez dugu jakiterik izan Yolanda Barcinak haurtzaroan halakorik ikusteak aparteko traumarik eragingo zion...

Nolanahi ere, mugarri garrantzitsuena ekintza mota hori aldarri politikoarekin lotzeak ekarri zuen.

Ekintza aldarrikatzaileak

Lehenengo tartalari politikoa Tom Forcade izan zen, AEBko militante yippie-a, Youth International Partykoa (YIP). Nazioarteko Gazteen Alderdia zentsuraren aurkako alderdi politiko antiautoritario eta antimilitarista zen.

1970eko maiatzaren 14an, Pornografia batzordearen aurrean deklaratu behar izan zuen, fanzine batzuen edukiei buruz. Apaiz jantzia zeramala, deklarazioa esaldi honekin bukatu zuen: "Joan zaitezte popatik hartzera zuek eta zuen zentsura!". Hori esan bezain laster, Otto N. Larson batzordekideari tarta bota zion aurpegira.

Biharamunean, New Yorkeko Daily News egunkariak argazki hau jarri zuen azalean:


Agintari baten aurkako atentatua ote? 
Argazkiak ez du iradokitzen tentsio handirik.

AEBko hedabide askok zabalkundea eman zioten argazkiari, eta arrakastaren bidea ireki zion ekintza mota horri.

Hortik aurrera, asko izan ziren "eraso gozoen" bidez aldarrikapenak egin dituzten norbanakoak eta taldeak, eta, 70eko hamarkadako boom horren baitan, ezin utzi nabarmendu gabe Aron Kay eta Thom Higgins.

Aron Kay

1976an, Aron Kay estatubatuarrak Patrick Moynihan Nixonen konfiantzazko laguntzaileari kafe kremazko pastela bota zion, eta ekintzari aldarrikapena lotu zion: AEBen kanpo politikan zerbitzu sekretuek egindakoak kritikatzea.

Lehenengoa baino ez zen izan; izan ere, gerora, lagun ugari izan ziren Aron Kayren "biktimak": politikari eskuindarrak, Watergate auzian nahastuta zeuden goi agintariak... 

Deigarriena Andy Warholen aurkako ekintza izan zen, margolariak "kiroltasunez" hartu baitzuen ekintza.


Ez du ematen Andy Warholek 9 urteko espetxe zigorra 
eskatzeko gogo handirik zeukanik.

Gerora, Kayk New Yorkeko alkate izateko hauteskundeetan hartu zuen parte, eta lelo hau erabili zuen: "Bozkatu Kay, eta bota tarta bat aurpegira goi agintariei!". 

Thom Higgins 

Kayren jarraitzailea zen Higgins, eta berea da lehenengo bideotartalari arrakastatsua izatearen meritua. 1977an, Annita Bryant homosexualen eskubideen aurkako ekintzaile eta abeslariaren aurka egindako ekintzak ikaragarrizko zabalkundea izan zuen.

Harrigarriena da "eraso gozoa" jasan eta hizketan jarraitu zuela.



Bistan da tarta ez zela Frantziako merengeaz eginda... Denok dakigulako Frantziako merengea mingarriagoa dela...


Noël Godin

Zalantzarik gabe, munduko tartalari famatuena Noël Godin da. Godin belgiarra da, eta tarta gerrillaritzat dauka bere burua. Mundu osoan famatu du ekintza horiengatik, eta liburu bat ere idatzi du. Hauxe liburuaren azala:


Bistan da Noël Godinek asko sufritzen duela tartalari lanetan.

1969an Marguerite Duras "tartakatu" zuenetik, Godinen "eraso gozoen" biktimak asko izan dira: Helmut Kohl, Jacques Delors, Jean-Luc Godard...

Ezagunenak, agian, Nicolas Sarkozy eta Bill Gates dira. Honatx Sarkozyrena:



Eta hemen Bill Gatesena:





Segur aski, ez da egongo Rodin baino tartalari aktiboagorik munduan. Jarraitzaile taldea ere badu! Hala ere, hara zer dioen belgiarrak:


"Ez naute inoiz salatu. Izan ere, negargarria litzateke eurentzat, euren irudi publikoari kalte egingo liokeelako. Atxilotzen nautenean, poliziak txantxak egiten hasten zaizkit, eta, sarritan, tartaz eraso litezkeen pertsonen zerrendak ekartzen dizkidate". 

(Noél Godin, "Histora, teoría y práctica del tartazo político", Insumissia webgunetik)

Noël Godinek, gainera, elkartasuna adierazi zien Mugitu! taldeko kideei. Hara! Esteka Ateak Ireki-koa da. Beste artikulu bat egiteko ematen du horrek...

Mugitu! taldeko kideek jakinarazi dutenez, mundu osoan pertsona bakar bat zigortu dute espetxearekin tartaz egindako eraso batengatik: San Franciscoko alkateari tarta bat botatzeagatik hiru hilabeteko kartzela zigorra jarri zioten, eta ez dute ziurtatzerik izan errudunak zigorra bete zuenik.

Frantzian, kasu, Jean-Pierre Raffarin ministro ohiari egindako "eraso gozoagatik" 400 euroko isuna ordaindu behar izan zuen erasotzaileak. Atera kontuak: hori izan da inoizko zigorrik handiena Frantzian. 

Ildo berean dago Frantziako Tolosako epaileak Yolanda Barcinaren kasuan hartutako erabakia: artxibatu egin zuen auzia.

Auzitegi Nazionalak, berriz, munduko eta historiako marka guztiak hautsi nahi ditu: 5 urtetik 9 urte arteko zigorra eskatu du fiskaltzak Frantzian artxibatuta geratu zen auzi berberagatik.

Ni bat nator nafar hauek grabatutako bideoaren mezuarekin. Tartarena ez da hainbesterako, ezta?





Egiaz edo gezurraz harago, tartalarien umorea eta askatasun grina dago.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto

Artikulu hau idazteko, hauek izan ditut informazio iturri nagusiak:

- Wikipedia: "Tartazo" (gazt.), "Entartage" (fr.) eta "Pieing" (ing.).

- "Historia, teoría y práctica del tartazo político. ¡Qué corra el merengue!" (gazt.), Insumissia webgunean.

- "Barcina: nartzisismo forala" (eusk.), Hedoi Etxarteren artikulua, Berria egunkarian.

- Elkarrizketa Noël Godini. "Noël Godin, el entartador anarquista" (gazt.), babab.com webgunetik.

- "Just Desserts. Pieing: The Ultimate Non-Violent Protest" (ing.), quixotic K webgunetik.

- "TAVtazo: ¿De 5 a 9 años de carcel?" (gazt.), Tavtazo.org webgunetik.

Horrez gain, halako kontuetan beti da erreferentzia garrantzitsua "Manual de la guerrilla de la comunicación" (gazt.), Virus argitaletxearena.




1 iruzkin:

  1. Eta, azkenean, bina urteko kartzela zigorra Gorka Ovejerori, Julio Villanuevari eta Ibon Garciari, eta 10 euro ordaindu beharko dituzte egunero hiru hilean zehar.

    Mikel Alvarez Forcada auzipetuari, berriz, urtebeteko zigorra eta hilabete bateko isuna ezarri dio epaitegiak,

    Nafarroako Gobernuko presidenteari "atentatua" egitea leporatuta zigortu ditu laurak epaitegiak. Hala, fiskalaren eta akusazioko abokatuaren tesia frogatutzat jo du epaileak, haiek argudiatu baitzuten "atentatua" izan zela Barcinaren aurkakoa. Hala ere, bost urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak; absoluzioa, berriz, defentsak.

    "Gorputz indarkeria" egon zen tartak jaurtitzean, Auzitegi Nazionalaren arabera. Hala ere, ñabartu du tartak ez direla "arriskutsuak" eta ez dituztela "zauriak" eragiten; aitortu du, halaber, hori ere ez zela helburua.

    Auzipetuak epaitzeko jurisdikzioa izatea ere justifikatu du epaileak. Argudiatu duenez, nahiz eta gertakariak Okzitaniako Tolosan jazo, erasotzaileak Espainiako Estatukoak dira, eta ez dira beste estatu batean absolbituak edo zigortuak izan. Hala ere, epaileak aintzat hartu du ekintza Frantzian gertatu izana eta herrialde horretan ekintzak izan dezakeen tipifikatzea.

    Iturria: berria.info

    ErantzunEzabatu