Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2013/10/01

Morauren kalumnien aurrean, frogak, frogak eta frogak


Andoni Tolosa edo Morau jaunak Martin Kittoren Txokoari botatako kalumnien ostean (irakurri hemen bere blogean jarritakoa), irratsaioan parte hartu genuen kideok erantzuna eman diogu joan den ostiralean argitaratutako agiriari. 


Zintzotasun zuria garaile, 
Morauren gezur moreen gainetik


Martin Kitto kolektiboko kideok ez dugu polemika maite, baina gutxiago maite dugu gezurren eta faltsukerien aurrean isiltzea. Ez ginen isilik geratu Joseba Egibarrekin edota Martxelo Otamendirekin izan genituen ika-miketan, eta orain ere ez gaitu inork isilaraziko.

Lehenengo eta behin, susmoa dugu polemika honek zerikusia duela Morauk bere ibilbide profesionalari eman nahi dion aldaketarekin. Izan ere, saioan behin baino gehiagotan iradoki zuen euskaraz abesteari utzi eta gaztelaniaz abesten hasiko zela. Ematen du euskarazko hedabideei egurra emanez, erdal munduaren oniritzia lortu nahi duela.

Guk, Morauk ez bezala, frogak aurkezten ditugu. Horra hor erdal abestigintzaz saioan esandakoak:




Bigarrenik, animalien eskubideen aldeko ekintzaile sutsuak garen aldetik, ezin dugu onartu Morauk esatea "ez duela legeak babestutako inongo ugaztunik (astorik) garraiorako erabiltzen".

Eta hemen ere kontua ez da bataren hitza bestearen hitzaren aurka jartzea. Hemen kontua frogak erakustea da. Horra hor Morau ekarri zuen astoa, zisko eginda, Morau irratiraino ekarri ondoren. Motxilaren koloreak ez du zalantza izpirik sortzen: Morau da astoaren jabea.

Asto gizajoa, erabat abailduta.
Argazkia irailaren 26an aterata dago, Oiartzun Irratiaren sarreran.

Hirugarrenik, argitu nahi dugu ez dugula batere atsegin pertsonen bizitza pribatuan sartzea, baina are gutxiago atsegin dugu pertsonak "kleenex" gisa erabiltzea. Eta, zoritxarrez, nabarmendu behar dugu Andoni Tolosak Maite Zaldibarri egindakoa ildo horretan kokatzen dela. 

Maite Zaldibarren izena aipatzean, harridura adierazi zuen; gero, ukatu; eta, azkenik, berriro ere harekin harremanetan jartzea onartu zuen. Hemen frogak:




Laugarrenik, ezin dugu ulertu Morauk nola ukatu duen Txakurtzaindiako kide izatea eta nola aldarrikatzen duen ez duela inoiz parte hartu txakurrera ikasteko barnetegietan.

Irudi hauek Guautariko barnetegian aterata daude (euskaraz, Getaria). Irudietan, txakurrerako 3. mailako ikasleak ageri dira, txakurrez mozorrotuta eta "Zorionak zuri" txakurreraz abesten. Bistan da Morau eskuinetik hasi eta bigarrena dela, Espainia esnearen koloreak dituena (nola ez!).


  

Bukatzeko, Martin Kittoren Txokoko eta Katxonderstango Errepublikako jarraitzaileei dei egiten diegu Morauren probokazioei ez erantzuteko. Horrez gain, irmoki kondenatzen dugu Morauren managerraren aurkako erasoa, zeinaren ondorioz automobil morea ezin itsusiagoa den modu batean margotu zuten, irudian ikusten denez.

Gure elkartasun beroena Morauren managerrari, terrorismo estetikoko ekintza anker honen biktima den aldetik.

Polemika sortu duen irratsaioa bi modutan entzun dezakezue:

- Oiartzun Irratian, on-line. Sakatu hemen.

- MP3an jaitsita, Ivoox-en. Sakatu hemen.


Martin Kitto


1 iruzkin:

  1. Patxi Martinez de Lizeaga2013(e)ko urriaren 2(a) 10:44

    “Ez naiz harritzen. Morau hori nahiko “berde” dago. Ez zidan eraso (asalto) bat ere eutsi”

    Patxi Martinez de Lizeaga.
    Intxaurrondoko Txakurlogia doktorea.
    Fatxa.
    Euskaldun Espainola.

    ErantzunEzabatu