Egunotan
jakin dugu Fernando Alonsok eta Euskaltel-Euskadik bertan behera utzi
dutela txirrindularitza taldea sal-erosteko asmoa. Hortaz,
txirridularitza taldearen etorkizun seguruena taldea desegitea izango
da.
Katxonderstango agente sekretuek jakin dutenez, Fernando Alonsok hiru aukera aztertu zituen. Hiruren artean bat aukeratzeko, txosten bana eskatu zien, hiru galdera hauei erantzuteko:
- Ze planteamendu estetiko izango luke taldeak?
- Ze onura ekarriko lioke Euskal Herriari?
- Zer-nola hartuko lukete orain arteko Euskaltel-Euskadiko zaleek?
Aurreko bi aukerak hauek izan ziren: Guardia Zibila eta Alderdi Popularra.
3. aukera: Zezenketen Aldeko Plataforma
Zezenketen Aldeko Plataformek argi dute Espainian bezala Euskal Herrian ere zezenketak erro sakonak dituen festa dela. Azpeitira, Zestoara, Baionara edo Iruñera joan besterik ez dago. Hango zaletasuna Euskal Herri osora zabaltzeko aukera ezin hobea ematen du Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak.
Planteamendu estetikoa
Irudiaren aldetik, ezaugarri nagusia laranja kolorearen ordez Espainiaren banderaren koloreak erabiltzea izango litzateke. Azken batean, laranja ez al da gorria eta horia nahastearen emaitza?
Onura Euskal Herriari... Eta Espainiari
Ezin uka Euskal Herrian txirrinduzale amorratuak daudela. Ezin uka Espainian zezenketazale amorratuak daudela. Zergatik ez uztartu biak batean, pack bat balira bezala?
Euskaltel-Euskadiren jarraitzaileak
Zezenketen Aldeko Plataformaren planteamendua interaktiboa da, beheko irudiak adierazten duenez. Zaleak toreroz mozorrotuta egongo lirateke, zezenez mozorrotutako txirrindulariak toreatzen. Ole, ole, ole...
Espainiarren zezenzaletasuna eta euskal jendearen
txirrinduzaletasuna bat eginik. Ole, ole, ole...
Egiaz edo gezurraz harago, zaletasunen erabilera dago.
Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.
Martin Kitto
Albiste hau gustuko izan baduzu, hau ere irakur dezakezu:
Hirugarren aukera: Alderdi Popularra (2013-10-02)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkin bat