Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2013/10/09

Hiri kondairak Euskal Herrian (III): Donostian alkoholemia kontrolak egiten dizkiete oinezkoei


Ingelesez, AFOAF esaten omen zaio (A Friend Of A Friend), eta lagun baten lagun batek kontatutako gezurretako istorio sinesgarriak dira. Benetakoak balira bezala zabaltzen dira. Hiri leiendak edo leienda urbanoak dira.

Euskal Herrira ere iritsi dira, eta asko euskalherriratu ere egin ditugu, eta gure bazterretan gertatu balira bezala zabaldu dira; bihurgune batean auto istripu batean hil ondoren autostop egiten duen neskarena, kasu. Nazioarteko zabalkundea izan duen pasadizoa da, baina Orion, Itziarren eta inguruko beste hamaika tokitan gertatua dela entzun izan diet askori.  

Azken egunotan,
Donostian, ahoz aho dabil hiri kondairatzat har dezakegun pasadizo bat. Niri bi tokitatik iritsi zait. Hona hemen pasadizoa:

"Hara non iristen den tipo bat etxera sekulako juerga eginda, goizeko ordu txikitan. Etxera iritsi, lo egiteko gogo handirik ez, eta kalera irten da berriro. 

Hara-hona bueltaka zebilela, oinezkoentzako pasabidetik pasa da, eta, ustekabean, bi udaltzain atera zaizkio.

Udaltzainek diote semaforoa gorrian pasa duela eta hori debekatuta dagoela. Tipoak baietz, badakiela, baina ez zebilela inor, eta ez zaiola arriskutsua iruditu.

Halako batean, udaltzainek esan diote alkoholemia kontrola egin behar duela. Putz egin, eta, jakina, positibo eman du. Isuna jarri diote. Pasadizoa kontatu didanak ez daki ez nori, ez non, ez noiz gertatu den, ezta isuna zenbatekoa izan den ere".

Beste bertsio baten arabera, 1.000 euroko isuna jarri diote. Batek esan dit Euskadi Irratian ere entzun duela pasadizoa, eta Espainiako estatuko hiri batean gertatua dela.

Agian, pasadizioaren jatorriak honekin du zerikusia: trafikoko arau berriak laster jarriko dira indarrean, eta oinezkoei alkoholemia kontrolak egitea aurreikusten dute. 

Sarean beste hau ere aurkitu dut: Bilbon isunak jarri jartzen zirela duela 4 bat urte, baina ez da alkohol konturik inon ageri.

Zaragozan ere antzekoa gertatu zen. Hemen albistea: "Oinezko bati isuna". Isuna, ordea, 18 eurokoa izan zen, eta 9koa aldez aurretik ordainduta. Alkohol konturik ere ez, eta 1.000 euroko isunen zantzurik ere ez.  

Donostiako Udalean lanean dabilen batek ziurtatu dit ez dakitela ezer kontu horri buruz, ez mugikortasun agenteek (naranjitoek), ez udaltzainek.

Kontu honi buruzko argibiderik baduzue, eskertuko nizueke informazioa helaraztea, dela posta elektronikoz, dela twitter bidez. Behean dituzue helbideak.

Egiaz edo gezurraz harago, hiri kondairak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto
 

Artikulu hau gustuko izan baduzu, hau ere irakur dezakezu:

- Hiri kondairak Euskal Herrian (I): GORA ETA BEHERA GABILTZA (2013-08-11)

- Hiri kondairak Euskal Herrian (II): Umeak bahitzen dabiltza (2013-10-03)


Hiri kondairarik inon aurkitzen baduzu, bidali argazkia edo/eta mezua posta elektronikoz martinkitto3@gmail.com helbidera edo Twitter bidez @martin_kitto helbidera. Estimatuko dizut.

1 iruzkin:

  1. Iker Laurobak facebook bidez egin duen iruzkina: "Gertatu denik ez, baino aurrerantzean oinezkoei alkohol eta droga kontrolak egitea aztertzen ari direla entzun dut nik irratian".

    Ez al da izango eurek. Trafikokoak, ari direla leienda zabaltzen, neurria gizarteratzeko? :)

    ErantzunEzabatu