Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2013/10/03

Hiri kondairak Euskal Herrian (II): Umeak bahitzen dabiltza


Ingelesez, AFOAF esaten omen zaio (A Friend Of A Friend), eta lagun baten lagun batek kontatutako gezurretako istorio sinesgarriak dira. Benetakoak balira bezala zabaltzen dira. Hiri leiendak edo leienda urbanoak dira.

Euskal Herrira ere iritsi dira, eta asko euskalherriratu ere egin ditugu, eta gure bazterretan gertatu balira bezala zabaldu dira; bihurgune batean auto istripu batean hil ondoren autostop egiten duen neskarena, kasu. Nazioarteko zabalkundea izan duen pasadizoa da, baina Orion, Itziarren eta inguruko beste hamaika tokitan gertatua dela entzun izan diet askori.  

Horietako bat bolo-bolo dabil egunotan. Gehienbat, guasap bidez ari dira zabaltzen, eta horrelako mezuak dira:



"Irurtzungo ikastetxe batetik abisua bidali digute, ume txiki batzuk bahitzen saiatu direlako. Adi egon zaitezte. Ziurtatu dugu egia dela."

"Atzo [urriaren 2an] 20:10ean Lekunberrin 10 urteko mutiko bat bahitzen saiatu dira. Automobil ilun baten barruan, bi gizonezko zeuden aurrko eserlekuetan eta beste pertsona bat atzekoan. Atzekoak mutikoari esan dio automobilera hurbiltzeko, txakur bat laztantzera."

Mezuak nik neronek euskaratu ditut, jatorrizkoak gaztelaniaz edo/eta euskañolez zeudelako. Hona hemen mezuetako bati ateratako argazkia:


Antzeko beste mezu batzuk ere ibili dira telefonoz telefono: 

- Beste saiakera bat Leitzan izan omen da, baina automobila berdea zen.

- Goierrin ere ibili omen dira.

- (...)

Ez dut frogarik kontatu duten hori gezurtatzeko. Izan ere, nola gezurtatu hain modu lausoan kontatu dizutena? Horixe da hiri kondairen ezaugarri nagusia, hain zuzen. 

Bada, bilatzen hasi eta begira zer aurkitu dudan Pamplona Actual web gunean: zenbait mezutan bahitzaileen bi argazki ageri dira, eta norenak dira argazki horiek? Luis Alejandro Gonzalez txiletarrarena eta Malvina Serrano argentinarrarena. 

Argazkiak hamaika bazterretan ibili omen dira, lehenengo aldiz prostituzioarekin zerikusia duen albiste bati lotuta argitaratu zirenetik.   

Mezuetako bahitzaileak eta kontuak gezurra dira, beraz. Ertzaintza, bien bitartean, bere buruari dominak jartzen hasi da, eurek izan baitira "gezurra agerian utzi dutenak", Diario Vascon argitaratu denez. Hori bai, blogean idatzi genuenetik 9 egunera...

Jakina, pentsa daiteke prentsan argitaratutakoa edo Ertzaintzak zabaldutakoa ere gezurra dela eta denak bahitzaileekin kolaboratzen ari direla/garela.

Eta, hori guztia gutxi balitz bezala, iluntze partean beste guasap bat iritsi zait. "Gurasoen elkarteak" sinatua da, eta bertan bi gauza diote:

- Irurtzunen ez dela salaketarik izan.

- Lekunberrin guraso batzuek poliziari jakinarazi diote semeak argazkietako bi pertsonetako bat ikustea iruditu zaiola.  

Hona hemen mezuaren hasiera, eta, beheraxeago transkripzio osoa (iritsi bezala, hizkuntz akatsez betea):




Buenos días a todos,Ante la noticia que se extendió ayer sobre raptos en la zona, hemos hablado esta mañana con los ayuntamientos de Irurzun, de Lekumberri y con la Policía Foral.Los tres estaban al corriente de los comentarios.La Policia Foral nos comunica que no han avisado a los medios de comunicación porque no dan crédito a los rumores. El aparente bulo se inicia con un wasap que incluye la foto de dos personas. En Lekumberri lo que hay es una denuncia por parte de unos padres cuyo hijo cree haber visto a una de esas personas en un coche y en Irurzun no hay denuncia y en el propio ayuntamiento nos confirman que ha sido una falsa alarma con una niña que se había asustado.Estos rumores no deben alarmarnos, pero si es una oportunidad para que cada uno con su hijo en la medida y forma que crea oportuno y si lo considera conveniente, le recuerde manejarse con prudencia.La escuela por su parte , nos comenta que estará más pendiente durante estos días.Un saludo a todos.

Junta de la asociación de padres.

Egiaz edo gezurraz harago, hiri kondairak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto
 

Hiri kondairarik inon aurkitzen baduzu, bidali argazkia edo/eta mezua posta elektronikoz martinkitto3@gmail.com helbidera edo Twitter bidez @martin_kitto helbidera. Estimatuko dizut.

OHARRA: Argazkia ez dut atera Irurtzunen edo Lekunberrin, Internetetik baizik. 

Artikulu hau gustuko izan baduzu, hau ere irakur dezakezu:

- Hiri kondairak Euskal Herrian (I): GORA ETA BEHERA GABILTZA (2013-08-11)


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina