Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2013/09/29

Morauren gezurrak eta irainak


Goian duzuen argazkia eta behean duzuen idatzia Oiartzunen eta Lezon itsatsi dute hamaika tokitan. Gerora, Interneten ere ikusi dugu.

Irain eta gezurren aurrean zer egin erabakitzeko, Martin Kitto kolektiboko kideok urjentziazko bilera egingo dugu, egoera aztertzeko eta erantzuna prestatzeko.

Lehenbailehen erabakiko dugu zer-nolako erantzuna eman gezur eta irain mordo honi. 

Hauxe da testuaren edukia:


Gezurrak ez du garaituko 
(ohar publikoa)


Katxonderstango errepublikako bozeramaile den Martin Kittok, atzo egindako elkarrizketan (nolabait deitzeko) zabaldutako gezur, gehiegikeri, faltsukeri eta irainak kontuan hartuta zera adierazi nahi dut:

1. Martin Kittoren txokoko Kazetariek (gazetileroek esan beharko genuke), ez zutela gure prentsa bulegoek aurrez itzartutakoa errespetatu, eta zirkoa baino ez zela bihurtu, elkarrizketa izan behar zuena.

2. Segada hartan erorita, behin baino gehiagotan, aldez aurretik itzartutako gidoira itzultzeko eskaera luzatu niela bertan ziren kazetariei, haiek entzungor egin, eta bere jardun isekariari eutsi ziotelarik, gero eta krudelago, gero eta gordinago.

3. Egoera horretan (atea kanpotik itxi zidaten ihes egin ez nezan), eta kazetarien presio eta mehatxupean, haien joko makabroan aritzea baino beste erremediorik ez nuela izan, egia babesteko inongo esperantzarik gabe, eta nire buruaren aurka doazen baieztapenak egitera behartuta.

4. Hori dela eta "txarada" horretan botatako guztiak gezurtatu nahi ditut publikoki, batez ere, nire ahotan jarritako hainbat hitz.

5. Ez dut Maite "eztakitzer" andereñoa ezagutzen eta ez dut harekin inongo jardun sentimental/ sexualik burutu. 

6. Ez dut helikopterorik.

7. Ez dut legeak babestutako inongo ugaztunik (astorik) garraiorako erabiltzen.

8. Ez naiz zakurtzaindiako kide eta ez dut zakurren hizkuntza hitz egiten. Sekula ez dut parte hartu hura ikasteko inongo barnetegitan.

Guzti hau publiko egin ondoren, Martin Kittokoek informazio erratu eta guztiz kaltegarri hori zabaltzen jarraitzen badute, jakin dezatela nire abokatuak lanean ari direla dagozkion neurriak hartu, eta ondorio latzak jasan beharko dituztela, bere jarrera kriminalari eusten badiote.

Andoni Tolosa, Morau
(Jatorrizko idatzia Arrainentzako Himnoak blogean duzue)

Goian esan bezala, laster emango diogu erantzuna gezurrez betetako agiri iraingarri honi. Berandu baino lehen.

Martin Kitto


1 iruzkin:

  1. Argi zegoen: halako bi tipo "graziosillorekin" ezin zitekeen besterik gertatu.

    ErantzunEzabatu