Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2013/09/24

Euskaltel-Euskadirekin zer egin? (I) Lehenengo aukera: Guardia Zibila

Egunotan jakin dugu Fernando Alonsok eta Euskaltel-Euskadik bertan behera utzi dutela txirrindularitza taldea sal-erosteko asmoa. Hortaz, txirridularitza taldearen etorkizun seguruena taldea desegitea izango da.

Hori hala bada, ez dugu jakiterik izango Fernando Alonsok ze asmo zuen txirrindularitza taldearekin. Edo bai? 

Katxonderstango agente sekretuek jakin dutenez, Fernando Alonsok hiru aukera aztertu zituen. Hiruren artean bat aukeratzeko, txosten bana eskatu zien, hiru galdera hauei erantzuteko:

- Ze planteamendu estetiko izango luke taldeak? 

- Ze onura ekarriko lioke Euskal Herriari? 

- Zer-nola hartuko lukete orain arteko Euskaltel-Euskadiko zaleek?

1. aukera: Guardia Zibila

Guardia Zibila aspalditik zebilen Euskal Herrian duen irudi txarra hobetu nahian. 1986an, Athleticen elastikoan "¡Viva la Guardia Civil!" leloa jartzea proposatu zion Atleticen zuzendaritzari, baina eskumen kontuengatik egitasmoa ez zen aurrera atera. Izan ere, Ertzainek Atleticen elastikoaren kudeaketa komertziala Eusko Jaurlaritzaren eskumena zela aldarrikatu zuten, eta kasua auzibidean jarri aurretik Guardia Zibilak atzera egin zuen. 

Planteamendu estetikoa

Txirrindulariak Guardia Zibilaren uniformearekin janztea da helburua. Hori bai, trikornioa kendu eta buruko homologatua jartzea aurreikusten dugu. Gainerakoan, automobilak-eta Guardia Zibilarenak izango dira.

Onura Euskal Herriari

Irudikatzen dituzue milaka euskal zale ikurriƱak astintzen Guardia Zibilaren uniformea daraman txirrindularia animatzen? Bake garaia da Euskal Herrian, eta zerk irudikatuko luke hobeto bake giroa horrelako irudi batek baino?

Espainiako Vueltan etapa garaipen baten antzezpena egin zuten, eta zale gehienek harriduraz hartu zuten, baina ez amorruz.

Euskaltel-Euskadiren jarraitzaileak

Txirrindularitza taldea Guardia Zibilaren eskutik salbatzean, Guardia Zibila salbatzaile ageriko litzateke zaleen artean. Nola hartuko dute gaizki euren talde kuttunaren salbazioa? Hau pentsatuko dute: "Bada garaia Guardia Zibilak euskalherritarrengatik zerbait egiteko!".

Bistan da euskal txirrindulariek eta Guardia Zibilak ez dutela zertan harreman txarra izan Axier Lopezek (axierL) Twiterren zabaldutako argazkia.

Hurrengo egunetan beste aukeren berri emango dizuegu.

Egiaz edo gezurraz harago, zaletasunen erabilera dago.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina