Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2013/09/02

EITBko langile athleticzaleak protesta ekintzak egiten hasi dira Realari ematen dioten tratuagatik

EITBko langile athleticzaleak protesta ekintzak egiten hasi dira, EITBk Realari ematen dion tratuagatik. 

EITBko langile protestagileek adierazi dutenez, "ez da zilegi hedabide publiko batean futbol talde batekin lotutako albisteek hainbeste denbora izatea". 

Lehenengo protesta ekintza irailaren 2an egin dute: gaueko Teleberriko bi aurkezleak Athleticeko kamiseta soinean agertu ziren, irudian ikusten denez.


Inork ez digu argitu ekintza honek Petronorreko Josu Jon Imazen baimena duen.


Protestagileen bozeramale batek honako hau adierazi du: "Realak tratu onegia eta gehiegizkoa izan du azkenaldian EITBko hedabideetan; batetik, futbol taldeari denbora gehiegi eskaini diote, eta, bestetik, esatariek gehiegizko lausenguak bota dizkiete Realeko jokalari eta entrenatzaileei".

Halaber, antzeko protesta ekintzak egiten jarraituko dutela iragarri dute, ez baitzaie zilegi iruditzen Realak azken hilabeteetan jaso duen lehentasunezko tratua: "Realak joko ona egiteak edo Txapeldunen Ligarako sailkatzeak ez dio EITBri eskubiderik ematen Athletici zor zaion tokia okupatzeko: azkenaldian, ETBk Txuri Urdin Telebista ematen du, eta hori onartezina da".

Horregatik guztiagatik, irailaren hasieran hitzetatik ekintzetara pasatzea erabaki dute. Ekintzak ahalik eta deigarrienak izango dira: 

- EITBko ikus-entzunezko hedabideetan, Athleticen aldeko ikurrak eramango dituzte (kamisetak, adibidez)

- EITBko irratietan zazpi minutuz behin "Athletic ieuuuup!" oihua emitituko dute (aldez aurretik abisurik eman gabe, gainera).

Jakin dugunez, ekintza horiekin ezer lortzen ez badute Danborrada alternatibo bat egingo dute San Sebastian egunean San Mames Barrian, eta EITBri zuzenean emititzeko eskatuko diote.

Egiaz edo gezurraz harago, baliabide publikoen jarrera negargarrien aurkako kritika negargarriak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina