Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2013/08/28

Lukáš Nový, zuk irekiko diguzu bidea karnetean txapelarekin ateratzeko


Oiartzun Irratiko "Martin Kittoren Txokoko" jarraitzaileek badakite saio bakoitzean Katxonderstango Errepublikako seme edo alaba kuttuna(k) izendatzen d(it)ugula. Horretarako, Mirari Mariarenak saioz saio gogorarazten dizkigu izendapena lortzeko bete behar diren hiru baldintzak:

1.- Ez-ohiko gauza bat egitea
2.- Egindakoa katxondeoz egitea
3.- Barrea eragitea

Bada, udako oporraldia bukatzeko zorian dagoen honetan, egokia iruditu zaigu uda parteko Katxonderstango seme edo alaba kuttuna izendatzea.

Hortxe doa: Uda parteko Katxonderstango seme kuttuna da... Lukáš Nový!

Eta nor da Lukáš Nový delako hori?

Lukáš Nový Txekiar Errepublikako 28 urteko informatikaria da, eta munduko hamaika bazterretan egin da ezagun, nortasun agiriko argazkian iragazki/koladore bat buruan duela atera delako, kapela balitz bezala. Goiko argazkian ikus dezakezue.

Txekiako legeek zehazten dutenez, nortasun agirirako argazkian ezin da ezer eduki buru gainean, eta arauaren salbuespen bakarrak hauek dira: buru gainekoa erlijio ikur bat izatea (mojen kasua, adibidez) edo osasun arazo bat tarteko izatea (bendaje bat edukitzea, kasu).

Bada gure Lukáš artista handi honek dio iragazkia erlijio ikurra dela. Izan ere, Lukáš pastafarista da; hau da, Pastafarismoa edo Espagetien Munstro Hegalariaren Elizaren jarraitzailea.


Espagetien Munstro Hegalariaren irudia.

Pastafarismoa erlijio parodikoa da, eta ezaugarri nagusi hauek ditu:

- Pastafarismoa bi hitz hauek elkartzetik dator: pasta eta rastafarismoa.

- Erlijioaren dogma bakarra da dogmarik ez izatea.

- Mundua Espageti Hegalariak sortu zuen, zurrutean ibili zen egun batean. Mundua sortzean mozkortuta zegoenez, mundua akats askorekin sortu zuen.

- Ikus nagusia gurutzea da, espagetiak jateko sardeska erdian duela.

- Piratak jainkoen pareko izakiak dira, jatorrizko pastafariak.

Espageti hegalaria pirata bati taula sakratuak ematen. 

- Erlijioa Bobby Henderson fisikariak sortu zuen AEBn, Kansaseko estatuan teoria kreazionistak eskoletan irakatsiko zituztela jakin ondoren (Jainkoa munduaren sortzaile dela dioten sinesmenak, kasu).

Lukášek dioenez, iragazkia jantzita agertzeak txantxa bat egiteaz gaindiko helburua du: 


"Helburua legearen aurka egitea da; izan ere, legeak ezartzen badu burua estaltzeko arrazoi bakarrak erlijioarekin edo osasunarekin lotutakoak direla, sinestuna ez den jendearen aurkako bazterkeria eragiten dugu. Bereizkeria hori gainditzeko, bi aukera daude: salbuespenak kentzea edo buruan zerbait jantzita eramateko aukera ematea, edozein arrazoi dela medio, betiere, pertsona ezagutzeko traba ez badira". 


Lukáš Nový ez da izan, ordea, halako zerbait egin duen lehenengoa. Hiru urteko kanpainaren buruan, Niko Alm austriarrak lortu zuen Austriako estatuak onartzea agiri ofizial honetan buruan iragazkia zuela ateratzea.


Niko Almen agiria. Iragazkia egon badago, baina apenas ikusten den.

Oraingoz, Lukášek 30 eguneko behin-behineko agiria lortu du; izan ere, Barne Ministerioaren Jarduera Administratiboen Sailak helegitea jarri du, Txekiak ez baitu Pastafarismoa erlijioa dela onartzen. Ikusteke dago zein izango den azken erabakia.

Katxonderstango Errepublikatik zorionak bihotz-bihotzez Lukáš Novýri, seme kuttunaren izendapena lortu duelako.

Badakigu Euskal Herrian interes handia sortu duela zure kasuak, asko baitira nortasun agirian txapelarekin agertu nahi duten euskalherritarrak. Noizko Euskal Herriko Lukáš Nový?


Zorte on, Lukáš, askatasunaren aldeko borrokan.

Egiaz edo gezurraz harago, erlijiokeriak daude.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto

 

OHARRA: Sarea Pastafarismoari buruzko artikulu eta argazkiz beteta dago. Abiapuntu egokia izan liteke wikipediako azalpena

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina