Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2013/07/14

Hi, Illarra, gogoratzen haiz ze ondo pasatzen gintuen... Oiartzun Irratian?



Kaixo, "Illarra".

Martin Kitto nauk, eta Oiartzun Irratiko kirol saioen entzulea naizen aldetik idazten diat. Letra hauek elkartu ditudanerako, inor gutxi geratuko dek albistea jakin gabe: Reala utzi eta Real Madrilekin jokatzen hasiko haiz.

Eta, orduan, oroitzapen asko etorri zaizkidak burura, eta pentsatu diat bukatu direla Oiartzun Irratiko elkarrizketak; edota, Oiartzun Irratiak noizbait beste elkarrizketarik egiten badik, ez dela gauza bera izango. 

Izan ere, gogoratzen haiz ze ondo pasatzen gintuen Mirarirekin eta Joxe Mielekin, eta Zururekin, eta Agirretxerekin, eta Aparekin, eta...

"Irrati juerga" horiek luzaroan entzungo genituela uste nian. Izan ere, Realarekin kontratua luzatu berritan, hau esan huan:





Mikel Aranburu berria? Izan hinteken, gustura baihengoan aldageletako giroarekin! Gogoratzen haiz?




Eta, horregatik, ez zirudian oso gogotsu hengoela Realetik ateratzeko. Gogoratzen haiz Manchesterrera joatekoari buruz jardun zenutenean?



Bai deigarria! Isilik egon hintzen. Garrantzirik gabeko xehetasuna edo "pista" susmagarria?

Kontuak kontu, joan haiz Realetik, eta golik sartu gabe, gainera. Baina gogoratzen Bartzelonaren aurkako sartutako ezinezko gola?

Joxe Migel Lopezek eta Mirari Martiarenak Bartzelonaren aurkako partida jokatu aurretik grabatu zizuen, Bartzelonari irabaztea bazegoela sinestarazteko.


Iragarpena ez zuan bete, baina beste hau bai. Gogoratzen haiz Mirarik hiri buruz egindako bertsoaz? Norekin alderatu eta Xabi Alonsorekin! "... ez da Xabi Alonso baina izan daiteke".

 
Anoetan Realako jokalari bakoitzak gola sartzen duenerako abesti bat aukeratzen dik, eta gola sartzean abesti hori jartzen ditek zale guztiek entzuteko. Hire aukera Berri Txarrak taldearen "Oihu" izan huan.

Bizitzaren paradoxak: Berri Txarrak Madrilgo giro batzuetan ez ditek oso gustuko...

Segur aski, hau ez dek inoiz irakurriko. Zertarako? Eta, deskuidoan, noizbait irakurtzen badek, igual jada ez zaik abesti hori gustatuko, baina guk jarri egingo diagu, Bartzelonari sartutako ezinezko golak hori eta gehiago merezi duelako.

Gainera, Real Madrilera joan haizenetik abestiaren letrak beste esanahi bat hartu dik niretzat.

Haien berri onak gure 
berri txarrak direlako 
haien ametsak guretzat 
ametsgaizto direlako 

Oihu egin nahi dut 
arima urratu arte 
ixiltasunaren ozenez 
gure egiak ere 
haienak bezainbeste 
balio dezake 

Haientzat berria dena 
ahituta zaigulako 
haien hitz politek beti 
iraintzen gaituztelako

Oihu egin nahi dut 
arima urratu arte 
ixiltasunaren ozenez 
gure egiak ere 
haienak bezainbeste 
balio dezake

Gurtzen ari diren jainkoetarik inork
ez gaituelako inolaz salbatuko
ulertezin zaien oinazetik:
libertade ezatik.



Eta, bai, bazekiat: Guisantemonteri buruzko albisteak ez zian batere graziarik egin, baina niri ere ez beste gauza batzuk.


Egiaz edo gezurraz harago, hutsalkeriaren hutsalkeria dago.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto



Elkarrizketa osoak entzun edo/eta jaitsi nahi badituzue, Oiartzun Irratiaren webgunean dituzue eskuragarri. Hauek dira elkarrizketen datak:

- 2012-10-24
- 2013-01-16
- 2013-05-15

OHARRA: Argazkian, Dabid Zurutuza, Joxe Miel Lopez, Asier Illarramendi eta Imanol Agirretxe. Mila esker, Oiartzun Irratiari argazkia helarazteagatik.

Albiste hau gustuko izan baduzu, hementxe duzu Illarramendirekin lotutako beste bat:

- Asier Illarramendi Guisantemonte izango da aurrerantzean (2013-06-17)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina