Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2013/07/28

Borrokatu faxismoa! Borrokatu nazismoa! Borrokatu pottokiak!


Aste honetan estreinatuko dute Euskal Herrian "Los pitufos 2" / "Les Schtroumpfs 2" filma, eta haur askok zinema aretora joan nahi izango dute, izaki urdin sinpatiko horien abenturak ikustera. 

Eta guraso askok sarrera ordaindu edo/eta haiekin joango zarete. Baina nola ke posible da? Ez al zarete konturatu pottokiak eragin ezin kaltegarriagoa dutela haurrengan? Ez al zarete konturatu pottokiek nazien aldeko apologia egiten dutela?

Nazien apologia, bai. Ez duzuela sinesten? Hemen froga zientifikoak.

Pottokien herrixkak nazien gizarte "ideala" islatzen du

Naziek nahi bezala, pottokien herrixkan pottoki bakoitzak funtzio jakin bat betetzen du: arotza, nekazaria, sukaldaria, musikaria... Nork bere funtzioa: bakarra eta bizitza osorakoa. Aldaezina.


Pottoki bat, funtzio bat. Horrela bizitza osorako.

Eta zein da denetan txarrena? Betaurrekoduna; hau da, pentsalaria, intelektuala, filosofoa... Hitz egiten hasten den bakoitzean, onenean, haizea hartzera bidaltzen dute, edo, txarrenean, kolpatu edo jipoitu egiten dute. Intelektuala etsai, pentsamendu bakarra hausten duelako.

Hartara, argi dago bera dela errepresioaren biktima.


To kolpea, jakintsuarena egiteagatik! 
Argazkia: Martin Kitto.

Hobe uniformizazioa, itxurazkoa nahiz ideologikoa.


Denak berdinak, itxuraz eta pentsamenduz.

Denak goxo-goxo desberdintasunik gabe.

Pottokien sistema politikoa antidemokratikoa, pertsonalista eta patriarkala da

Ikusi besterik ez dago zer-nolako irudia ematen duten pottokiek demokraziaz:


Bistan da pottokiak ezin direla gobernatu demokrazia batean. Hobe diktadura.

Kaotikoa. Askoz hobe diktadore bat edukitzea. Berak du pottokien jakinduria guztia, berak agintzen du, berak du arrazoia beti, bera da pottokien liderra. Pottoki aita, pottokien hitler txiki bizarduna.

Pottokien telesaila adibidez bete-betea dugu. Entzun, entzun:



Laburbilduz Pottoki Aita hatz baten neurriko izaki bizardun hitleriarra da.

Judutarrak etsai gaizto-gaiztoak dira

Eta nor dira pottokien etsai nagusiak? Gargamel eta Azrael, bere katua. Eta nor ziren nazien etsai nagusiak? Judutarrak. Eta zerikusirik ba al du batak bestearekin? 

Gargamelek eta Azraelek jatorri judutarreko izenak dituzte. Gargameli dagokionez, bere ezaugarri nagusiak naziek judutarrei leporatzen zizkieten berberak dira: zikoizkeria, maltzurkeria eta ankerkeria.

Itxura ere halakoa du.


Ezkerrean, judutarren aurkako karikatura, eta, eskuinean, Gargamel. Antza begien bistakoa da. 

Anaiak edo aita-semeak direla ematen du.

Pottoki beltzak ezin arriskutsuagoak dira

Baina judutarrak ez ziren nazien etsai bakarrak, eta Gargamel eta Azrael ere ez pottokienak. 

Pottoki beltzak infekzio baten ondorioz sortu ziren, eta pottoki zintzo eta garbiei eraso egin zieten. Bi argazki hauek oso esanguratsuak dira, ondo baino hobeto adierazten baitute zer diren beltzak pottokientzat: gaiztoak, erasokorrak eta bortitzak.








Pottoki gizajoak! Inguratuta eta pottoki beltz gaiztoen erasoari ezin aurre egin...
Ez dira, ez, irudi egokienak beltzen integraziorako kanpaina batean erabiltzeko.

Emakumeak ederrak bezain zitalak dira

Eta emakumeak? Ze toki dute emakumeek pottokien gizartean? Hasteko, gutxi dira: bakarra dago, eta Pottokina izena du.

Eta nazien edertasun irizpideak betetzen ditu: ilehoria, begi argiekin, ario peto-petoa.























Ezkerrean, Maria Orschitsch, emakumezko ario baten "prototipoa".
Eskuinean, pottokina, emakumezko ario baten "prototipoa"?

Eta pottokientzat arriskutsua da, gainera. Izan ere, Pottokina Gargamelek berak sortu zuen, pottokiak suntsitzeko.

Eta horren guztiaren atzean, nazien kolaboa?  

Pottokien sortzailea Peyo izan zen, nazien okupaziopean bizi izandako belgikarra. Biografian arakatu eta arakatu ibili arren, ez diozue aurkituko nazien aurkako jarrerarik, iritzirik edo ekintzarik.

1958an, nazien porrotaren ostean sortu zituen pottokiak; nazien aldeko mezu esplizituak zabaltzea arriskutsua zen garaian, hain zuzen.  

Nik pottokiak mesfidantzaz begiratzen ditut, eta iruditzen zait eurek ere hala begiratzen didatela. Ez da hala? 




Ez dut proposatuko filma ikustera ez joatea. Besteak beste, ni neroni ere joan egingo naizelako. Hori bai, 15 minutuz behin zutitu eta "Internazionala" abesten hasiko naiz, hainbeste nazikeriaren eraginari aurre egiteko.

Gargamelek hau zioen: "Gorroto ditut pottokiak!". Eta nik hau eransten diot: "... nazi hutsak direlako!".

Egiaz edo gezurraz harago, marrazki bizidunen erabilera politikoa dago.

Egiaz ego gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.





1 iruzkin:

  1. Ipar Euskal Herrian uztailaren 31n izango da lehenengo emanaldia.
    Hego Euskal Herrian, berriz, abuztuaren 2an.

    Denak "Internazionala" abestera!

    ErantzunEzabatu