Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2013/06/09

Garitanorentzat proposamen eskatologikoa, Bilbaoren adierazpenak gezurtatzeko

Batzuetan iruditzen zait euskal politikagintzan komunikazio ausartagoak egin beharko genituzkeela. Eskatologikoak izateraino, agian. Zergatik diot hori?

Hausnarketa honek etxeko komuna du abiapuntu, duela hamabost egun inguru. Hortxe nengoen libratzen? obratzen? sabelusten? Bueno, kaka egiten; hori bai, egunkaria eskuetan, denok dakigulako egunkaria irakurtzeko toki egokiagorik ez dagoela.

Eta zer ari nintzen irakurtzen? Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren adierazpen ezin mamitsuagoak: Gipuzkoan komuneko paperik gabe geratzeko arriskuan geundela esan zuen.  Zergatik eta Gipuzkoan Venezuelako eredua kopiatzen dutelako/dugulako!

Egunkaria alde batean utzi, eta eskua luzatu nuenean, hau ikusi nuen:


AAAAAAAAAAAA... Tupustean, ezin izan nuen besterik pentsatu: 

- KAKA ZAHARRA GARITANORENTZAT, BILDURENTZAT ETA VENEZUELAKO EREDUARENTZAT!

Gero, segituen konturatu nintzen nik neronek bukatu nuela aurreko papera eta ahaztu egin zitzaidala berria jartzea. 

Ez dut hemen kontatuko galtzak erabat jantzi gabe nola eskuratu nuen komuneko papera; izan ere, zuentzat interes eskasekoa izateaz aparte, hori ez da aztertu nahi dudan gaia. Aztergai dudan gaia hau da: zer-nolako eragina duen herritarrengan Bilbaoren estiloko adierazpen zalapartsuek.

Izan ere, Bilbaok esandakoa beti geratuko da gure buruetan sartuta (niri une batean gertatu zaidan bezala), baldin eta Bilbaorentzako erantzuna ez bada harena bezain deigarria izaten, eta Sortuk eman duena ez zait hain inpaktantea iruditu: "Komuneko papera ustelkeria garbitzeko erabili".

Horrenbestez, hemen doa nire proposamen xumea, Garitanok egoerak merezi duen erantzuna eman dezan: konbokatu hedabide guztiak, komun baten gainean eserita jarri, kaka egin eta komuneko paperarekin ipurdia garbitu. 

Inpaktantea eta eraginkorra. Bilbaoren inpaktua gaindituta, eta haren esanak gezurtatuta.

Nolakoak ote lirateke biharamuneko titularrak? Nik halako zerbait irudikatu dut:

- DEIA: "Garitanok erabilitako komuneko papera Barakaldon erosia da".

- Gara: "Garitanok erakustaldi galanta egin du".

- ABC: "Gipuzkoan ez dago komuneko paperik, herriko tabernetan eta Bildukoen udaletxeetan izan ezik".

- Diario Vasco: "Atez atekoaren porrota estaltzeko, Garitanok Gipuzkoako politikagintza kakaztu nahi du".

- El Correo: "Garitanok Gipuzkoako politikagintza kakaztu nahi du, atez atekoaren porrota estaltzeko". 

- Noticias de Gipuzkoa: "Garitanok ez du kaka egin behar den tokian".

- Le Journal du Pays Basque: "Baionako auzapezak gutuna bidali dio Juan Karlos Izagirreri, Donostia komuneko paperez behar bezala hornituta ote dagoen galdetzeko".

- Sud Ouest: "Giro kakanahastua mugaz bestalde".

- El Mundo: "Ez dago komuneko paperik Garitanoren kaka garbituko duenik".

- El País: "Garitanoren politikari kaka usaina dario".

Eta, ia beti bezala, titular onena La Razonena: "Kaka egin ondoren Garitanok eskuak garbitu ote dituen ikertzeko eskatu du Manos Limpias sindikatuak".

Argi dago biharamunean ez legokeela beste gairik.

Egiaz eta gezurraz harago, komunikatzeko modu deigarria(goa)k daude.

Egiaz eta gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea. 

LEHENENGO OHARRA: Artikulua(?) idatzitakoan konturatu naiz Berriaren titularra ez dudala jarri. Zaila egiten zait irudikatzea. Proposamenik baduzue, bidali twitter bidez (@martin_kitto) edo posta elektronikoz (martinkitto3@gmail.com). Gainerakoan, artikulua osatu gabe geratuko da.

BIGARREN OHARRA:  Artikulua(?) argitaratu eta egun batzuetara, lagun batek beheko argazkia bidali dit posta elektronikoz. Hauxe mezua: "Kartel hau ikusi dut kalean. Uste dut Garitanok kasu egin dizula eta prentsaurrekoa deitu duela ekainaren 15erako". Egia ote?



 

1 iruzkin:

  1. Hasi gara Berriarako titular proposamenak jasotzen. Hona hemen lehenengo biak:

    - "Garitanok Bilbao kakaren pare utzi du" (AitorX)
    - "Garitanoren paperak Barcenasen paperek baino zalaparta handiagoa sortu dute" (Ai-xia)

    ErantzunEzabatu